- 2017ko uztailaren 3an, lehenengo lankidetza hitzarmena sinatu zuten hiru erakundeek Iruñean. Lau urteren ostean, balorazio positiboa eginda eta alde guztiek elkarlanean jarraitzeko erakutsi duten interesa kontuan hartuta, berriro sinatzea adostu dute.

Horrela, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Antton Curu-tcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak euskararen sustapenean elkarlanean jarraitzeko hiru erakundeen arteko 2021-2025 epealdirako lankidetza protokoloa berritu zuten atzo, Baionan.

Atzo berretsitako hitzarmena elkarlanetik eta hiru erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik egin dela adierazi dute aldeek, betiere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan. Hitzarmenak euskararen sustapenean lankidetza bultzatzeko helburua du, eta, besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak edota euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu.

Horrela, euskarazko irakaskun-tza garatzeko lankidetzaren alde egin beharra ikusi dute hitzarmenaren hiru sinatzaileek, eta ikasleen mugikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde batean egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira horretarako. Gainera, helduen euskalduntzean egiten diren politiketan ere lankidetza bultzatu nahi dute erakundeek, eta elkarlanean arituko dira euskararen gaitasun maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerako orduan.

Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta hedabideetan euskararen erabilpena sustatu beharra eta horretarako bideak ere zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinatu duten hitzarmenak, eta eremu horietan dauden euskarazko baliabideak eta esperientziak aztertu eta partekatuko dituzte.

Euskarari buruzko gogoetan, sustapenean eta prestakuntzan ere indarrak batuta aritzeko nahia biltzen du hitzarmenak. Horretarako, hiru aldeek elkarrekin zein bakoitzak bere aldetik eratzen dituzten programa eta foroetan parte hartu ahal izango dute.

Ikerketa soziolinguistikoaren arloan, datuen bilketa elkarlanean egitea zehaztu du hitzarmenak, beti ere euskararen eremu osorako bateragarriak eta aldi berean lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izateko. Informazio hori guztia elkarri trukatzea ere adostu dute.

Gainera, hiru erakundeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera, euskararen sustapena helburutzat duten proiektuak europar finantzaketetan aurkezten jarraitzeko.