Euskarazko aisialdia garatzeko Kukulaisi federazioa eratu dute

Hamalau elkartek eta Euskaltzaleen Topaguneak sortu dute baina euskarazko aisialdia garatzen duten guztiei irekita dago

28.09.2021 | 00:10
Federazioa eratzeko Elgoibarren bildutakoak. Argazkia: N.G.

Elgoibar – Tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzea. Hori izango da joan den larunbatean Elgoibarko Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolan egindako batzarrean sortu zen Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioaren helburu nagusia.

Kukulaisi federazioaren ibilaldia abiatzeko lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten 14 euskara elkarte batu dira erakunde berrira: Noaua! (Usurbil), Dobera (Hernani), Hitzaro (Ordizia), Jardun (Bergara), Ttakun (Lasarte-Oria), Txatxilipurdi (Arrasate), Pil-Pilean (Soraluze), Elgoibarko Izarra (Elgoibar), Berbaizu (Deustu), Berbaro (Durango), Bizarra Lepoan (Getxo), Karrikaluze (Atarrabia), Geu (Gasteiz) eta Euskal Herri osoko haur eta gaztetxoekin lan egiten duen Euskarabentura elkartea.

Horiez gain, Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisiren eraketan.

Edonola ere, erakunde berriaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, "federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dago".

Hori dela eta, Kukulaisi eratzeko aurreneko batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, "federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu da".

Aisialdiaren garrantzia Proiektu berriaren bultzatzaileek "euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia" azpimarratu zuten eratze batzarraren hitz hartzeetan. Beraien esanetan, "hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten du".

Horregatik, "aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna" modura aurkeztu zen federazio berria. Izan ere, "sektore artikulatu batek bere eragina biderkatu dezake", nabarmendu zuten Kukulaisi federazioaren ordezkariek.

Edonola ere, behin erakundea eratuta, "orain arteko gogoetatik irtendako asmoak egitasmo zehatzetan gauzatzeari" ekingo dio hurrengo hilabeteetan, "denborarik galde gabe, aste honetatik aurrera".

Kukulaisi federazioaren sorrera Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da. Erakunde berriak bere ibilbidea hasi besterik ez du egin baina proiektuarekin bat egin duten taldeek baikor ikusten dute etorkizuna. Era berean, euskarazko aisialdia garatzen duten eragile guztiak animatu nahi dituzte federaziora gerturatzera.

Kukulaisi federazioaren eraketan inplikatu diren hamalau euskara elkarteetatik, zortzi gipuzkoarrak dira

Federazio berriak "orain arteko gogoetatik irtendako asmoak egitasmo zehatzetan gauzatzeari" ekingo dio aurrerantzean

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa