Udal Etorkizuna Eraikiz abiatu da 12 udalerrirekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gobernantza-eredua udalekin partekatu nahi du

24.09.2021 | 00:36
Olano, atzo udalekin izandako bileran. Argazkia: N.G.

donostia – Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekin partekatuko du Etorkizuna Eraikiz izeneko "elkarlaneko gobernantzarako" proposamena, interesa adierazten duten udalek foru-proiektu honen an-tzeko prozesuak abian jartzeko aukera izan dezaten "herri-mailan".

Egitasmoa laster jarriko da martxan Andoainen, Azkoitian, Beasainen, Deban, Eibarren, Elgoibarren, Hernanin, Irunen, Legazpin, Oñatin, Errenterian eta Zarau-tzen.

Udal Etorkizuna Eraikiz izendatutako ekimenaren oinarrizko helburua, "filosofia" horren "ekintza-eremua zabaltzea" eta "ikaskuntza-komunitate" bat eratzea izango da, gure lurraldeak "aurrea hartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko ahalmena handitu dezan".

Foru Aldundiak "lankidetza-sarea eraiki" nahi du udalekin, "guztiona den proiektuari buruz entzuten, ikasten eta kolektiboki erabakitzen jarraitzeko", azaldu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak proiektuaren lehen osoko bilkuran, Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua eta udalerri horietako hainbat alkate eta zinegotzi bertan zirela.

"Ezagutza partekatzea eta sortzea da helburua, eta kultura politiko berri bat eraikitzen joatea, entzutetik, hausnarketatik, ikaskuntzatik eta esperimentaziotik abiatuta", azaldu zuen Olanok; eta ekimenak "demokrazia indartzeko", eta herritarren eta erakundeen artean "dagoen aldea gainditzeko duen garrantzia" azpimarratu nahi izan zituen.

Aurreikuspenen arabera, Udal Etorkizuna Eraikiz prozesua egoeraren "diagnostiko partekatu" bat eginez abiatuko da, "ekintza-plan bat diseinatu ahal izateko"; eta esperientzia "arrakastatsua izaten bada", Gipuzkoako gainerako udalerrietara" pixkanaka"hedatu ahal izateko.

herritarrengandik gertu Olanok gogora ekarri zuen udalak direla herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta gipuzkoarren "kezkak ondoen ezagutzen" dituztenak; horrexegatik omen dira alor publikoaren eta herritarren arteko "zubi".

Gainera, Etorkizuna Eraikiz egitasmoak "komunitatea sortzearen alde" eta Gipuzkoako "eraldaketa-proiektu bateratura, ahalik eta pertsona gehien erakartzeko" lan egingo duela iragarri zuen, betiere Agenda 2030ekin bat eginez.

Aldi berean, "Lankidetzako gobernantza aurreratzaileari buruzko ekosistema eta ikaskun-tza-eredu bat sortzea" izango du helburu, non udalek "lidergoa" hartuko duten, "Gipuzkoaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua gauzatu ahal izateko".

"Udal Etorkizuna Eraikiz-ek balio publikoa sortuko du; lehenik eta behin Etorkizuna Eraikiz-en irismena hamabi udalerri horietara zabalduz, eta ondoren Gipuzkoako 88 herrietara", esanez amaitu zuen Gipuzkoako agintari nagusiak.

Bestalde, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz Kapsula ekimenaren bigarren fasea jarri zuen abian atzo, UPV/EHUk Donostian duen campusean. Gure lurraldeko hainbat herritan zehar ibiliko da, herritarren ekarpenak jaso asmoz.

Foru Aldunditik azaldu dutenez, ekimena berriro abiarazi eta beste udalerri batzuetara eramatea erabaki omen dute, joan den ekainean hasi zenetik hona jasotako ekarpen kopurua kontuan izanda.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa