Konfinamenduan jaiotza-tasa hondoratu da EAEn

Jaiotzen kopuruak %12,5 egin zuen behera EAEn 2021eko lehen hiruhilekoan, 2020ko aldi berarekin alderatuta

14.09.2021 | 00:40

donostia– Aurtengo lehen hiru hilabeteetan 3.298 jaiotza izan dira Euskadin, alegia, %12,5 gutxiago 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Atzo Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, argitaratutako datuen arabera, jaitsiera hiru lurraldeetan gertatu da: Bizkaian, %14,7 egin zuen behera, 1.612 jaiotza izanik; Gipuzkoan, 1.133 jaiotza, %11,6 jaitsiz; eta Araban, %7,7, jaiotzak 553 izan direlarik.

2020ko lehen hiruhilekoarekiko atzerakada bereziki nabarmena izan zen urtarrilean, -%18,1era iritsi baitzen, ondoren moteldu egin zen otsailean (-%13,7) eta batez ere martxoan (-%6). Jaiotzak ugariagoak izan ziren 30-34 urte bitarteko amen artean, orotarikoen %36,5. Ondoren kokatu ziren 35 eta 39 urte bitartekoak (%34,7), eta azkenik 25 eta 29 urte bitartekoak, jaiotzen %13,2 ekarriz. 2020ko hiruhileko berarekin alderatuta, 40 urtetik gorako amek izandako jaiotzen kopuruak ere behera egin zuen, 2020an 406 izatetik 2021ean 323 izatera pasa baitziren, eta erditze guztien %9,8 suposatu zuten, 2020an %10,8 izan ziren bitartean.

Ezkontzatik kanpo jaiotakoak %48,9 izan ziren, 2020ko lehen hiruhilekoan baino gehiago (%44,7). Jaiotza-ordenaren arabera sailkatuz, aurtengo lehen hiruhilekoan izandako jaiotzen %48,5, hau da, 1.599 haur, lehenengo seme-alabak izan ziren. Beste 1.291 haur (%39,1) aurretik haurren bat bazuten familietara iritsi ziren, eta %12,4 hirugarren edo ondorengo seme-alabak izan ziren. Azpimarra-tzekoa da, gainera, aurtengo urtarriletik martxora bitartean behera egin zuela atzerriko nazionalitatea zuten amen ehunekoak, %25,7koa izanik, 2020ko lehen hiruhilekoan baino 3,1 puntu txikiagoa.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa