Errepideak | Osteguneko lau hildakoek udako balantze positiboa hautsi dute

Uztailean eta abuztuan, trafikoa %3 igo arren, heriotzak %40 jaitsi ziren eta istripuak %7

07.09.2021 | 00:41
Ostegunean Soraluze parean izandako istripua.

donostia – Euskal errepideetan 2020an baino %3,23 trafiko gehiago ibili da udako hilabeteetan; hildakoak, aldiz, –Uztailean eta abuztuan sei hildako, iazko udako hamarren aldean– %40 jaitsi dira, eta istripuek ere %7,7 egin dute behera, aurreko urteko hilabete berdinekin alderatuta.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak euskal errepideen udako irteera-itzulera operazioaren balantzea aurkeztu zuen atzo. Emaitza baikorra da, nahiz eta joan den ostegunean Gipuzkoako errepideetan eta egun bakarrean lau pertsona hilda, datua belztu: Herbehereetako hiru gazte zendu ziren Soraluzen izandako auto istripu batean, eta motorzale bat Donostian.

Uda honetan bigarrenez ez da izan Itsasarteko Pasabidea Operaziorik (Paso del Estrecho); horretan, Afrika iparraldera doazen 1.850.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen dute Euskadi, baita Portugal hegoaldera doazen ibilgailu batzuek ere. Hori dela eta, joan-etorri gehiago egin dira EAEn, mugakide diren beste autonomia batzuetara, baita Iparraldera ere.

Trafikoko zuzendariak adierazi zuenez, 2020ko udan baino zirkulazio gehiago izan da Euskadin; beraz, "trafikoa apur bat errekuperatu egin da", 2020an baino %3,23 gehiago izan baita, "oraindik 2019ko maila berreskuratu ez arren"; nabarmenduz, gainera, 2018ko trafiko-mugimenduekin alderatuta, "nahikoa urrun gaudela oraindik".

Hala, iraileko datuen faltan, ekainean, uztailean eta abuztuan 29.776.103 joan-etorri izan dira euskal errepideetan; 2020ko 28.843.338ak baino %3,23 gehiago, baina 2019ko 30.411.474ak baino zertxobait gutxiago.

istripu gutxiago Atzo aurkeztutako datuen arabera, istripuen kopurua –irail hasierako datu tragikoak kontuan hartu gabe– 2020an baino txikiagoa izan da udan, nahiz eta trafiko gehiago ibili. Diaz de Corcuerak azpimarratu duenez, "oso datu garrantzitsua" da eta, istripu-tasa ere %7,7 murriztu omen da iazko epe berarekin alderatuta. Guztira 1.121 istripu izan dira, horietatik 410 Gipuzkoan, 462 Bizkaian eta 249 Araban.

Ildo beretik jarraituz, euskal errepideetan eta kaleetan gertaturiko heriotzak %40 murriztu direla nabarmendu zuen, kopuru lazgarri hori, 2020ko udako hamar hildakoetatik 2021eko uztailetik abuztura bitarteko sei hildakoetara jaitsiz. Uda honetan hildakoak bi izan dira lurralde historiko bakoi-tzeko, 2020an baino lau gutxiago; bat motozalea zen eta gainon-tzekoak autoak edo antzeko ibilgailuak gidatzen zituztenak.

Aurten, 36 pertsona hil dira euskal errepideetan; horietatik hamalau motoz zihoazen, bat bizikletaz, beste bat oinez eta gainerakoak turismoetan edo bestelako ibilgailuetan.

Ostegunean Gipuzkoan hildako lau gazteak hurrengo balantzean batuko dira: Soraluze parean AP-1 autobidean kamioi batek eta gazteak zihoazen autoak izandako istripuan hildako 19 eta 20 urte bitarteko hiru holandarrak, eta estropadak zirela eta, Pasealeku Berrirako sarbidea mozten zuen hesiaren aurka talka eginda hil zen motozalea.

arintasuna nagusi Diaz de Corcuerak ziurtatu zuenez, orohar arintasuna nagusitu da euskal bideetan, eta auto-ilara aipagarrienak AP-8 autobidean izan dira Kantabriarako noranzkoan, baita Iparraldeko mugan ere kamioi-kopuruaren eraginez.

Atzo aurkeztutako datuen arabera, Gipuzkoako auto-ilararik handienak uztailaren 14an izan ziren AP-8 autobidean, Ipar Euskal Herrirako noranzkoan; zortzi kilometrotako pilaketa sortu zen, Frantziako jaiegunetako kamioientzako murrizketak amaitu zirenean.

Arabaren kasuan, egunik zailena uztailaren 4a izan zen, Armiñonen zortzi kilometroko pilaketa sortu zenean; eta Bizkaian, berriz, uztailaren 9an hamabost kilometrokoa AP-8an, Kantabriarako noranzkoan.

itzulera operazioa Itzulera Operazioan, Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen bereziko dispositiboa ezarri zuen Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko, AP-1 autobidearen irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Dispositibo horretan, A-1eko hiru erreietako bat, konoen laguntzaz, AP-1etik sartzen ziren ibilgailuei laga zitzaien.

Hala eta guztiz ere, itzulera oso mailakatua izan dela nabarmendu zuen, ia auto-ilararik gabe, Euskadi zeharkatzen duten nazioarteko joan-etorriak murriztu egin direlako.

Gipuzkoan, auto-pilaketarik handienak abuztuaren 26an eta 27an izan ziren AP-8 autobidean, berriz ere, mugatik gertu, bederatzi kilometrorainoko ilarak sortuz Ipar Euskal Herrirako norabidean. Bizkaian, berriz, aurten ez da auto-pilaketa nabarmenik izan, eta Araban, abuztuaren 27an, zortzi kilometroko ilara pilatu zen A-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Irungo noranzkoan.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa