Euskadiko afganiarrak euren familiei buruzko informazioa biltzen ari dira

Jaurlaritzak laguntza eskatu dio Moncloari eta bere baliabideak eskaini dizkie

01.09.2021 | 00:25
Afganistango errefuxiatuak Rotako basera iristen. Argazkia: E. P.

donostia – Afganistan ofizialki talibanen esku geratu zen egun berean partekatu zuen Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen Kabinetearekin, Xabier Legarreta Migrazio zuzendariari laguntza eske joan zaizkion Euskadin bizi diren 18 familia afganiarren zerrenda. Familia horiek euren senideei buruzko informazio eskean etorri dira, ezin baitute haiekin komunikatu, dagoeneko herrialdetik alde egin dutelako edota Kabuletik atera ezin izan direlako.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "Etsipenezko egoera" horren aurrean, familiak erakundearekin harremanetan jarri dira laguntza eskatzeko. Bide horretan, eskuragarri duten informazio guztia eta kontaktuak igorri zaizkio Espainiako Gobernuari, euskal geografiako hainbat udalerritan bizi diren Afganistango 18 familia horien informazio-eskaerei erantzun ahal izateko.

Eusko Jaurlaritza bera bitartekari izateko eskaini da, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren eta Afganistanen egunak pasa ahala gero eta kezkatuago dauden familien artean. Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Lide Amilibia sailburuordea, "Etengabeko harremanean daude" Jose Luis Escrivák zuzentzen duen Ministerioarekin.

Gauzak horrela, bi komunikazio agiri desberdinetan, Espainiako Gobernuaren eskura jarri dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak dituen baliabide guztiak. "Milaka afganiarrek bizi duten egoera larriaren aurrean gure prestutasuna eta babesa helarazi nahi genituzke berriro", dio sailburuak sinatutako gutunak. Escrivá ministroari bidalitako eskutitz horretan, Artolazabalek Share proposamena ezbaitik gabe aktibatzearen aldeko apustua berretsi du: "Europan, Estatuan, eskualdean eta zeharka, migratzaileak edo asilo-eskatzaileak hartzeko eta integratzeko ahaleginaren lurralde-banaketarako oinarriak adostea".

Share eta Babeserako Egitasmoa "Badakigu oso une zailak direla, eta Eusko Jaurlaritzatik Share proposamena mahai gainean jarri nahi dugu berriro ere; migrazio-erronkari eta bizi dugun krisi humanitarioari eran-tzun partekatua eta solidarioa emateko konpromisoa hartzea plantea-tzen duen ekimena", gaineratu du Moncloara igorritako dokumentuan. Afganistangoaren moduko krisi sozial eta humanitarioei aurre egiteko "ezinbesteko" tresna gisa sailburuak nabarmendu duen beste ekimen bat Europar Batasunaren Babeserako programa da, "horren baitan, Eusko Jaurlaritza aitzindaria baita Europan errefuxiatuen harreran".

"Egitasmo hori ezagun duzu", azpimarratu dio Artolazabalek Escrivá ministroari. "Euskadin indarrez bultzatzen ari gara, parte-hartzaileen integrazioan oso emaitza onak lortzen ari garelako", idatzi du sailburuak.

Lehen fasean, jatorri siriarreko bost familia finkatu dira euskal lurrean, harrera-udalerrietan bizi diren eta harrera hori behar bezala egiten, egokitzen eta integratzen parte hartu duten pertsonen laguntzari esker. Emaitza onak kontuan hartuta, programa beste bi urterako berritu dute, eta, une honetan, tokiko talde berriak sortzeko fasean dago. Nafarroatik eta Valentziako Erkidegotik interesa adierazi dute dagoeneko, ACNURen laguntza duen programa honen funtzionamenduan.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa