- Espainiako familiek batez beste 1.890 euro gastatuko dituzte haur bakoitzeko 2021-2022 ikasturtearen hasieran, 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten 1.150 bazkideen erantzunetan oinarritutako OCUren txosten baten arabera.

Txostenak familien arteko aldeak nabarmentzen ditu, zein zentro mota aukeratzen denaren arabera. Hezkuntza publikoan gastua ez da 1.000 eurotara (968 euro) iristen; ikastetxe pribatu batera doazenek, berriz, sei aldiz gehiago ordainduko dute (6.247 euro). Itunpeko ikastetxetako ikasleen gastua 2.704 euro ingurukoa izango da.

Burutuko diren ikasketen maila ere erabakigarria da gastua zehazterakoan: Bigarren Hezkuntzako ikasleen gurasoak izango dira, batez beste, diru gutxien ordaindu beharko dutenak (1.501 euro), eta gastu finko gehiago dituzten haur txikienak eskolara itzultzea, garestiagoa da oro har (2.095 euro Haur Hezkuntzan eta 2.078 euro Lehen Hezkuntzan).

Bizilekuaren arabera ere badago alderik. OCUk autonomia-erkidego guztietako datu estatistiko baliagarririk ez duela onartu arren, zenbait erkidegoren erantzunetan oinarrituta adierazi duenez, argi ikusten omen da, aurreko urteetan bezala, eskolara itzultzea garestiagoa dela Kataluniako eta Madrilgo familien-tzat, ikasle bakoitzeko beste eskualde batzuetakoek baino dezente gehiago ordaintzen baitute, batez beste, 2.000 eurotik gora.

Txostenean zehazten denez, haur bakoitzeko 500 euro inguru beharrezko guztiarekin hornitzeko erabiliko dira, arropa eta oinetakoak, testuliburuak eta materiala; kopuru hori ere aldatu egiten da, noski, ikastetxe motaren eta ikasketa-mailaren arabera.

Uniformeari dagokionez, inkestatuek batez beste 176 euro gastatu dituztela adierazi dute (hemen ere, alde nabarmena dago ikastetxe publiko eta pribatuen artean). Eskola-materialari dagokionez, ia ikasle guztiek (%85) material berria erosi beharko dute, eta horretan 88 euro gastatuko dituzte batez beste; eta, azkenik, ikasleen testuliburuetan 184 euro.