- Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateek Europar egitasmo bateratu batean hainbat diziplinatako ikasleak inplikatu dituzte, XXI. mendeko ingurumen arazorik garrantzitsuenetakoa denari heltzeko: ozeanoetako plastikoek eragindako kutsadura.

Ocean i3 izena jarri diote zeharkako prestakuntzaren ekimen honi, eta "i" horiek euskarazko hiru hi-tzetatik hartu dituzte: ikaskuntza, ikerkuntza eta iraunkortasuna.

Besteak beste, Biologia, Ingeniaritza Kimikoa, Erizaintza, Enpresa, Zuzenbidea, Kriminologia, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Ekotoxikologiako ikasleek osatu dituzte proiektuan lan egingo duten "diziplina arteko, unibertsitate arteko eta mugaz gaindiko" taldeak.

"Bi unibertsitateen ereduak gero eta gehiago ari dira bideratzen iraunkortasun arazoak ulertzeko eta elkarlanean lan egiten jakiteko gaitasuna izango duten etorkizuneko profesionalak prestatzera, ez baitago modurik horrelako arazoak diziplina partikular batetik konpontzeko", azaldu du Julieta Barrenechea Ocean i3-ko zuzendariak. Kasu honetan, "Ikasleak horrelako gaitasunak kudeatzeko egoeran jartzea" izan da apustua, eta, gainera, "oso modu praktikoan" egitea.

2018an hasi ziren lanean, esperientzia pilotu "txikiago" batean, eta asmo handizaleagoekin jarraitu du azken bi ikasturteetan, 260.000 euroko laguntza jaso ondoren; horietatik %65, mugaz gaindiko lankidetzarako Interreg Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) programa europarretik jaso dituzte.

Gainerako %35a euskal unibertsitateak eta Frantziakoak eman dute, bai eta Euskampusek ere. Erakunde horixe da proiektuaren hirugarren hanka, eta, besteak beste, Tecnalia Korporazioak, Donostia International Physics Centerrek, CAFek eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak osatzen dute.

Mugaz gaindiko konpromisoa 2017an Bordeleko Unibertsitatea Euskampusen sartzearekin batera, nazioarteko lankidetzarako aliantza indartu egin zen "Bordeaux-Euskampus Mugaz Gaindiko Campusaren esparruan", eta "elkarlanerako bide berriak" ere zabaldu ziren. "Unibertsitate zibikoa, mugaz gaindiko lurraldearekin eta benetako arazoekin konprometitutakoa" izanik, bi erakunde akademikoetako ikasleek euskal-akitaniar kostaldean plastikoen kutsadura murrizten lagundu nahi dute, besteak beste, enpresek, elkarteek eta udalek plazaratzen dizkieten "erronkei" aurre eginez, dio Barrenecheak.

Gaia, Euskadiko Telekomunikazio Klusterrak, Rivages Pro Tech-ek eta Frantziako uraren agentziaren Suez adar teknologikoak, Urdaibaiko erreserbarekin lotutako "erronka" bat proposatu zuten Gernika-Lumoko Udalarekin batera. Taldeak, biosfera hura garbitzeko "teknologia ez-intrusiboak identifikatu" behar zituen, bai eta kutsadurari aurre egiteko estrategiak diseinatu ere. Surfrider Fundazioak ere bat egin du proiektuarekin, ikasleei irtenbideak bilatzeko eskatu baitie, herritarrei ozeanoa babesteaz arduratzen den komunitate bateko kide izateko gonbita luza-tzeko.

Barrenecheak azaldu duenez, Denok gara Surfrider izeneko sentsibilizazio-kanpaina horretan, Komunikazioko eta Pedagogiako ikasleek hartu zuten parte, komunikazio-planak egin eta eskolei zuzendutako unitate didaktikoak diseinatuz.

Era berean, Zuzenbideko hainbat ikaslek itsasoei eraso egiten dieten jarduera jakin batzuen eran-tzukizun zibilak edo penalak ere aztertu dituzte. Ikasleak "jabetzen dira gradu amaierako lana beren kabuz egingo balute baino pixka bat gehiago eskatzen dien proiektua dela, baina liburutegian banaka egindako lanak baino askoz gehiago ematen diela ere badakite", Barrenechearen hitzetan.

Irakasleak proposatzen dio ikasleari ekimenarekin bat egitea. "Erraz" onartzen omen dute, taldean lan eginez esperientzia "metatu", eta, gainera, "Enplegagarritasuna" helburu duen egitasmoa delako; izan ere, arazoarekin harreman zuzena izaten baitute, inplikatutako enpresa zein erakundeetan praktikak egiteko aukera izanik.

"Unibertsitate zibikoa da, lurraldearekin eta benetako arazoekin konprometitua"

Ocean i3-ko zuzendaria