Euskal Herriko Unibertsitatean graduatuen ehuneko nahiko handia lana du. 2017an unibertsitatea bukatu zutenen %81a lanean dabil hiru urte pasata, inkesta baten arabera. Aurreko promozioan, 2016koa, %84ak lana zeukaten.

EHUk 2020an lan-bizitza aktiboan sartu izanaren inguruan 2017ko graduatuei buruz Lanbidek egindako azterlan bat aurkeztu zuen atzo. Bertan azaltzen denez, enplegu-tasa %81ekoa da eta, horren barruan, dagokion enplegua (ikasitako espezialitate akademikoari lotutakoa) %86koa.

UPV/EHUn gradu-titulu bat lortu eta hiru urtera, promozio horretako langabezia-tasa %12koa da, 2016an amaitu zutenen %10aren aldean.

Osasun Zientzietako ikasketak burututakoen enplegu-tasa %90ekoa da, eta langabezia-tasa %5ekoa. Gainera, graduatu berrientzat batez besteko soldata handienak sektore honetakoak dira.

Beste muturrean, Humanitateetako ikasketak egin zituztenen enplegu-tasa %71koa da, eta langabezia %20koa.

Inkestatutako gehienek zerbitzuen sektorean lortu dute lanpostua, %87k; eta %77 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da bertan lan eginez.

Lana dutenen artean, hileko soldata garbiaren batez bestekoa 1.583 eurokoa da hamalau ordainsaritan, eta ez dago alderik gizonen eta emakumeen artean.

Lanaldi partzialeko lanposturik gehienak emakume unibertsitarioek egiten dituzte, eta nabarmentzekoa da azken urtean kontratu mota horrek gora egin duela bai gizonen artean, bai emakumeen artean ere.

Lanaldi partzialeko lan-tasarik handienak Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan daude. Enpleguaren egonkortasunari dagokionez, jakintza-arloaren arabera aztertuta, titulazio ekonomiko-juridikoak eta teknikoak gailentzen dira.

Ikerketak erakusten duenez, Humanitateen esparruan izan ezik, gizonek emakumeek baino egonkortasun handiagoa izaten dute.

Lana topatu duten pertsonen iri-tziz, alderdi akademikoa da lanera-tzerako orduan eragin nagusia izan duen aldagaia; baina, era berean, diotenez, eragin handia omen du pertsonaren adimen emozionalak, motibazioak, ekimenak eta espiritu ekin-tzaileak, besteak beste.

Beraz, Lanbideren azterlanak ondorioztatzen duenez, "unibertsitate-prestakuntza da oraindik ere funtsezko elementua kualifikazio handiko lanbide-erantzukizunak eskuratzeko".

Enplegua lortu zutenen artean, %25ek inguru sozial eta profesionalagatik lortu zuen; %21ek oposizio edo lan-poltsa publikoen bitartez; %15,6k lan-eskaintza jakin bati eran-tzunez, eta %10,3k unibertsitatearen ingurunean.

Hizkuntzen erabilerari dagokionez, gaztelaniaz gain, euskara (%52) eta ingelesa (%35) dira erabilienak, eta azken hizkuntza hori da nagusi Irakaskuntza Teknikoetako eta Zientzia Esperimentaletako titulazioetan.

Enpleguarekiko gogobetetasun globalaren batez bestekoa hamarretik zazpikoa da.