Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Elkano Fundazioak, Kutxa Fundazioaren laguntza ekonomikoarekin, euskarazko lehen planisferioa sortu dute Elkanok munduari emandako lehen bira omentzeko. Espedizioa orain dela 500 urte izan zen eta mota askotariko ekimenak burutzen ari dira.

Astrolabioa eta itsasorratza bezalako tresnak funtsezkoak izan ziren Juan Sebastian Elkanorentzat munduari bira ematen zion bitartean izarrak ezagutu eta orientatu ahal izateko. Espedizio hori amaitu zenetik 500 urte pasa dira eta gaur egun, planisferioak erabiltzen dira gaueko zerua eta bertako mugimenduak ulertzeko.

Izarren mapa bat da, eta konstelazioak eta izarrak kokatzeko erabiltzen da. "Proiekzio bat denez, ezinezkoa da zehatz-mehatz adieraztea izarren posizioak; izan ere, ertzetatik gertu, konstelazioak zertxobait deformatuta agertzen dira", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Virginia Garcíak, Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak.

Planisferio berri honen bidez, bertako zerura begiratzerakoan distira egiten duten izar guztiak identifikatu ahal izango dira, baina baita beste hiri batzuetatik ikusten direnak ere: Madril, Paris, Londres, Erroma, New York, Vancouver, Jerusalem, Beijing, Tbilisi eta Sapporotik, beste batzuen artean. Hiri horiek gure paralelo berean daude eta hala, ikuspegi nazioartekoagoa eskainiko du tresnak.

Garcíaren arabera, egitasmo hau Aranzadiko astronomia taldeak esku artean inoiz izan duen asmo handieneko proiektuetako bat da. "Honen moduko planisferio bat egin beharra zegoela ikusten genuen, halakorik ez baitzegoen gure paraleloan eta gure hizkuntzan", nabarmendu zuen.

Elkano Fundazioaren izenean, Rafa Zulaika proiektuaren buruak honakoa azpimarratu zuen: "Lehen zirkunbalazioaren urtemugaren motibaziotik sortu zen Aranzadirekin daukagun elkarlana, eta ezagutza berria sortu eta lankidetza sareen bidez gizarteari zabaltzea da gure xedea".