Linguatec, euskarararen, aragoieraren eta okzitanieraren garapen teknologikoaren aliatua

Pirinioez gaindiko guneak duen hizkuntza-aniztasuna balioetsi du azken hiru urteetan garatutako proiektuak

05.07.2021 | 00:15
Eneko Goia, Jon Abril (Elhuyar) eta Josu Aztiria (Linguatec). Argazkia: Efe

donostia – Adimen artifizialeko azken aurrerapenak euren zerbi-tzura jartzeko hizkuntza gutxituen arteko lankidetza fruituak ematen hasi da: euskarak, aragoierak eta okzitanierak, Europako funtsei esker, estaldura emango dien Pirinioez gaindiko hizkuntza-bikaintasuneko sare baten oinarriak ezarri dituzte.

Azken hiru urteetan mugaz gaindiko Linguatec proiektuan lan egin duten erakunde politiko eta akademiko batzuek lortu dute, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) programaren Europako funtsak baliatuta.

Elhuyar Fundazioak, Aragoiko Gobernuak, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalak (CNRS) Mendebaldeko Okzitaniarako Toulousen duen ordezkaritzak, Euskaltzaindiak, okzitanieraren Lo Congrés akademiak eta UPV/EHUko Hizkuntzaren Teknologien Ikerketarako Ixa taldeak osatu dute ekimena garatzeko partzuergoa.

Hiru urte hauetako ibilbidean, Linguatec-ek komunitate zientifiko eta ezagutza teknologiko linguistiko baten sorrera bultzatu du, euskararen, aragoieraren eta okzitanieraren potentzial kultural eta ekonomikoa suspertzeaz eta aprobetxatzeaz arduratuko dena, modu koordinatuan eta elkarren artean indarrak batuz.

Josu Aztiria proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez , "mugaz gaindiko benetako lankidetza" baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da "hizkuntza-oztopoak gainditzea eta gure artean hurbiltzea", horrela, "aukerak aprobetxatu" eta "lurralde inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta ekonomikoki oparoagoa egiteko.

Hizkuntzen balioan eta aberastasunean sakontzea da helburua, baina baita "lurraldea bera hobetzea ere"; izan ere, beren hizkuntzak "leku egokia" duela ikusterakoan, pertsonek "proiektu komun batekiko duten atxikipena handitu egiten baita", dio Aztiriak. Izan ere, "lankidetzak oztopo psikologikoa murrizten du".

Aztiriaren esanetan, proiektua "arrakastatsua" izan da, eta, oraindik epe luzerako ibilbiderik baduela ikusita, adimen artifizialaren arloan mugaz gaindiko bikaintasun-sare bat eratzea erabaki dute azken fase honetan, "proiektu berrietan elkarrekin lanean jarraitzeko".

"Partzuergoko kideen arteko lankidetza" formalizatzen duen "ezagutza kluster bat bezalakoa" da. Linguatec-ek balioan jarri du "Pirinioez gaindiko guneak duen hizkuntza-aniztasuna"; eremu horretan bizi dira euskaraz hitz egiten duten 700.000 europar, aragoieraz egiten duten edo egin dezaketen 56.000 inguru, eta okzitanieraren zazpi aldaeratan komunika-tzeko gaitasuna duten milioi erdi baino gehiago.

Aztiriaren iritziz, hiru urte hauetako "gauzarik politena" hauxe izan omen da: "Egoera hoberenetik abiatzen zen euskararen inguruan egindako aurrerapenak beste biek aprobetxatu dituzte", eta, beraz, "hamarkadak beharko zituzten zerbait hiru urtetan egin ahal izan dute".

Azken urteotan sare neuronalen eta adimen artifizialaren alorrean izandako aurrerapenak izan ditu hizpide Aztiriak, horiei esker, "baliabide gutxi dituzten hizkun-tzek, ahulak direnak eta juridikoki ere babes handirik ez dutenek, ibilbide teknologiko izugarria egin ahal izan dute".

"Gaur egun, hizkuntza bat, kalean hitz egin arren, mundu digitalean eta plataformetan ez badago... ez da existitzen", nabarmendu du adituak. "Makinekin zure hizkuntzan ezin baduzu hitz egin, beste bat erabiliko duzu". Horregatik, iruditzen omen zaio proiektu honetan oso interesgarria eta deigarria, euskarak eskuratutako ezagutza teknologikoa eskura jarrita beste hizkuntzek lortutako aurrerapena behatzea.

"Hizkuntza ezagutza osoa" mugaz gaindiko ekimenaren zerbitzura jarri da, Aztiriaren hitzetan, eta "osagarritasun hori" hizkuntzalaritzaren "ezagutza zehatz eta zorrotzetik" lan egiteko orduan oso garrantzitsua dela azpimarratu du.

Bere ustez, "jarraitutako estrategian asmatu da", ez baitira helburu nagusietako bat zen aplikazioak garatzetik hasi, horretarako "lehenik eta behin oinarri linguistikoa sortu behar delako, eta gero egin tresnak eta sortu teknologia".

"Ezin da alderantziz egin", azpimarratu du. "Ezin da itzultzaile automatiko bat sortzetik hasi, horretarako itzulpen asko, corpus asko, hiztegiak eta abar izan behar direlako".

Linguatec-ek hizkuntzen arteko baliabide eta tresna linguistiko berriak garatu ditu, baita online aplikazio berriak ere, hiru hizkun-tzen erabilera eta azken erabiltzaileen edukietarako sarbide eleani-tza errazteko. Besteak beste, itzulpen-sistema berriak, ahotsaren sintesirako edo hizketaren ezagutzarako tresnak, sintetizadore neuronalak, analizagailu morfosintaktikoak, eskuliburuak, hiztegiak eta baita audiogidak ere.

Partzuergoko kideak eremu bakoitzean garatutako tresnak zabaltzen arituko dira orain, eta proiektuaren jarraipena prestatzen dabiltza.

Adimen artifizialaren arloan mugaz gaindiko bikaintasun sare bat eratzea erabaki dute, proiektu berrietan elkarrekin lanean jarraitzeko

anteriorsiguiente


noticias de noticiasdegipuzkoa