EuskarAbentura espedizioaren hirugarren edizioa ostiral honetan hasiko da

120 gaztek hartuko dute parte bi txandatan eta kanpaldi formatua izango du aurten

02.07.2021 | 01:05
EuskarAbenturako lehen edizioan parte hartu zuen taldea Donostian. Argazkia: N.G.

donostia – EuskarAbentura espedizioaren hirugarren edizioa gaur hasiko dute Euskal Herriko nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutilek. Euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzea du helburu oinezko espedizio honek, baina aurtengoa, ezinbestean, berezia izango da. Orain arte Done Jakue bide desberdinak jarraitu izan baditu ere, pandemia dela eta EuskarAbentura 2021ek kanpaldi formatua izango du. Bi txandatan banatuko da eta horietako bakoitzean bi kanpamentu basetan kokatuko da.

Iaz ezin izan zuten EuskarAbentura egin, eta aurten 120 jzioquitarrekin itzuliko da espedizioa. "EuskarAbenturaren leloa Jzioqui dugu! da. Euskaraz agertu zen lehenengo esaldia hori izan zen eta ez du esanahi zehatzik, baina batzuk diote piztu du, sortu da, edo horrelako zerbait esan nahi duela. Lehenengo urtean, 2018an, gazteei talde moduan nola deitu erabakitzeko buelta batzuk ematen aritu ginen eta jzioquitarrak deitzea pentsatu genuen, azken finean, EuskarAbentura beraiek piztu dutelako", azaldu dio egunkari honi Irune de la Maza koordinatzaileak.

Lehen txanda gaur hasi eta hilaren 11n bukatuko da. Bigarrena, uztailaren 16an hasi eta 25ean amaitu. Ibiltaria izango ez bada ere, gazteek izango dute Euskal Herriko txoko desberdinak ezagu-tzeko aukera. Lehen txanda Sokoan (Lapurdi) eta Lekarozen (Nafarroa) gauzatuko da; uztailak 6 arte Sokoan eta ondoren Lekarozen. Bigarren txandako gazteek, aldiz, Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa) eta Aulestin (Bizkaia) gozatuko dute esperientzia.

"Kanpin-dendetan egingo dugu lo eta horretarako, herri horietako zelaiak erabiliko ditugu. Baimena eman ziguten Udalen artean, gure-tzat azpiegitura egokienak zituztenak aukeratu ditugu espedizioa burutzeko", adierazi du de la Mazak.

Urtero bezala, Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren eskutik hi-tzaldiak eta azalpenak jasoko dituzte, eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalek (musikariak, aktoreak, bertsolariak, idazleak, kirolariak...) aldiro-aldiro bat egingo baitute espedizioarekin, gazteekin ordu batzuk partekatu eta askotariko jakintzak elkar truka-tzeko.

Espediziora joateko aukera izan ez dutenek ere badute abentura jarrai-tzeko modurik: sare sozialen bidez, @euskarabentura kontua jarraituta Facebook, Twitter eta Instagramen; Interneten bidez, euskarabentura.eus webgunean; eta EuskarAbenturaren aplikazioaren bidez. Plataforma horietara egunero igoko dituzte edukiak, argazkiak, bideoak eta testigantzak.

EuskarAbenturaren helburu nagusietako bat gazte euskaldunen sare berri bat sortzea izanik, esperien-tzia hau bizitzeak hainbat baloreren lanketa ere badakar: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria, beste hainbaten artean.

Hainbat esparrutako profesionalek aldiro-aldiro bat egingo dute espedizioarekin, gazteekin ordu batzuk partekatzeko

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa