- Egitasmo berri honetan 1.400 milioi euro bideratuko dira eraldaketa digitala sustatzeko, eta, besteak beste, Inteligentzia Artifizialeko Zentro bat sortzea, Data Center-ak egitea eta enpresa-eremuan 5Gren erabilera erraztea aurreikusten da.

Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean Tapiak berak eskatuta egindako agerraldian, gogora ekarri zuen Euskadi murgilduta dabilen digitalizazio-prozesuaren erritmoa "bizkortu eta indartu egin direla pandemiaren ondorioz".

Bertan azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak bere egiten ditu Europako Ba-tzordearen gidalerroak, Euskadiren helburu eta lehentasunetara egokituta. Joan den martxoan Europako Ba-tzordeak 2030erako Brujula Digitala aurkeztu zuela gogoratu zuen: Etorkizun digitala eratzeko estrategian oinarritzen den Europako Hamarkada Digitalaren Ibilbidea. "Han ere kontuan hartzen dira koronabirusaren pandemiak eragindako aldaketa handiak; izan ere, tresna digitalen erabilera asko bizkortu eta aukera berriak erakutsi baitizkigu, baina hein berean, gure gizarteak desberdintasun digital berrien aurrean duen kalte-beratasuna ere agerian utzi du", azaldu zuen.

Bere hitzetan, 1.400 milioi euroko inbertsioa izango duen Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia, "modu kolektiboan pentsatua dago, modu sinergikoan jarduteko eta gizarte osoan eragina izateko".

Sailburuak azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak "erronka bikoitza" du hiru trantsizio globalen baitan (trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-ingurumenekoa eta trantsizio sozial eta sanitarioa): "eragile berritzailea izatea eta Euskadiko Eraldaketa Digitalaren motorra bihurtzea".

adimen artifizialeko laborategia Ekimen horretara bideratuko du Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euroko gutxieneko aurrekontu bateratua 2021-2025 aldirako. Zenbateko horren barruan sartzen dira, batetik, prozesu eta zerbitzu propioak digitaliza-tzea, ekipamendu informatikoak eskuratzea eta mantentzea, eta, bestetik, beren eskumenen barruan dauden kanpoko eragileen eraldaketa digitala bultzatzea.

Estrategia horretan jasotzen diren helburu zehatzen artean, 2025erako industrialdeen %50ean 5G estaldura sartzea dago, eta ETEen %60k hodeiko zerbitzu informatikoak erabiltzea ere erdietsi nahi da.

Horrez gain, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) zentroa martxan jartzea ere aurreikusita dago. Gune birtual horrek esperimentazio eta adimen artifizialeko proiektuak bizkortzeko laborategi gisa funtzionatuko du.