- Donostian egindako manifestazioan "migratzea ez dela delitua" salatu dute hainbat GKE eta elkartek. Kanariar Uharteetan gertatzen ari dena salatu zuten, izan ere, iaz "1.850 migratzaile hil edo desagertu baitziren" bertan.

Aldarrikapen martxa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gipuzkoako Amnesty International, CEAR-Euskadi, Denon Elkartea, Hiritarron Harrera Sarea, Sos Arrazakeria eta Zaporeak elkarteek deitu zuten, besteak beste, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospa-tzeko.

Parte-hartzaileek "joan-etorri askea", "Migratzaileak ez daude soberan, arrazistak bai", "Erbeste izan ginen, izan gaitezen babes" bezalako leloak eraman zituzten hainbat pankartetan; 12:00etan bildu ziren Gipuzkoako hiriburuko portuan, handik abiatu eta kale Nagusia zeharkatu ondoren, Alderdi Ederreko lorategietan amaitu zuten protesta.

Ekimenaren helburua "migratzaileek eta errefuxiatuek bizi duten egoera zaurgarria salatzea da", adierazi zuen Xabier Areta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak, manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago.

Aurtengo protestan, Kanariar Uharteetako ibilbidearen arriskugarritasuna salatu nahi izan dute bereziki, bere hitzetan, euren herrialdetatik ihes egiteko iaz "1.850 pertsona hil edo desagertu baitziren, ibilbide hori aukeratu behar izan zutelako".

"Ibilbide legalak eta seguruak eskatzen ditugu, eta horrek Euskal Herria ere barne hartzen du, Irunen daukagun mugan bi migra-tzaile hil baitira azken hilabeteetan", azpimarratu zuen.

Ildo horri jarraituz salatu zuen "Erakunde guztiek", Gobernu zentralak, Europar Batasunak edo Eusko Jaurlaritzak "apur bat gehiago egingo balute, migratzaileek ez lukete bide arriskutsu horiek aukeratu beharrik izango".

2020an egindako 80.000 asilo eskaeren %95 ukatu egin zirela gogoratu zuen, eta horregatik eskatzen dutela "bestelako politika migratzaile bat".

"Migratzea ez da delitua, eskubidea baizik; inork ez du bere ama-lurra gustuz uzten, beti izaten dira gerrak edo jazarpena bezalako pisuzko arrazoiak", azaldu zuen Aretak, eta "Irunen, Ceutan eta Melillan egiten diren itzulketa azkarrekin amaitzea" ere exijitu zuen.