Pandemia garaiko bigarren uda izango da aurtengoa eta iaz bezala haurrek aisialdiaz gozatzeko neurri bereziak hartuko badituzte ere, hiri eta herri asko animatu dira udaleku irekiak antolatzera.

Donostian adibidez, Oporretan euskaraz udalekuak antolatu dituzte eta uztailaren 5etik 30era egingo dira, 9.00etatik 13.30eraOporretan euskaraz . Udaleku horien helburua haurrengan euskararen ezagutza sendotu eta erabilera sustatzea da. “628 haurrek eman dute izena eta zozketa egin ostean, 580 haurrek hartuko dute parte. Guztira 58 talde aterako dira”, azaldu dio egunkari honi Alex Aisa Donostiako Udaleko euskara teknikariak.

Donostian erroldatutako 5-11 urte bitarteko haurrek gozatuko dute udaleku horiez, burbuila taldeetan betiere. Talde bakoitzak hezitzaile bat izango du eta jarduerek honako ikastetxeetan izango dute egoitza: Orixe ikastola (Alde Zaharra), Harri Berri-Oleta (Altza), Katalin Erauso (Amara Berri), Jakintza (Antigua), Zuhaizti Ategorrieta (Gros-Ategorrieta), Arantzazuko ama (Martutene), Ikasbide (Loiola-Loiolako Erribera) eta Intxaurrondo Hegoa (Intxaurrondo).

“Lehen haurrak kalean ere jasotzen genituen, baina pandemia dela eta, ikastetxeetan elkartuko gara egunero”, zehaztu du Aisak.

Ekintzei dagokienez, “unean uneko araudiaren arabera” jokatuko dutela nabarmendu du eta ondorioz, oraindik ez daukate programazio itxi bat. Hala ere, jarduera ludikoak aire librean egitea aurreikusten dute, ikastetxeen inguruan. “Ez dakigu aurten hondartzara joango garen ala ez, hori ere unean uneko neurrien arabera erabakiko dugu”, adierazi du.

Tolosaldea

“Orain arte hiru herrietako haurrak elkarrekin egoten ziren”

Azkeneko urteetan bezala, aurten ere Alkiza, Larraul eta Adunak elkarrekin antolatu dituzte udaleku irekiak. Bi taldetan bereizten dira. Alde batetik, bi eta sei urte bitartekoentzat ludoteka izaten da eta sei eta hamabi urte bitartekoentzat, aldiz, udalekuak.

“Orain arte, hiru herrietako udalekuetako haurrak elkarrekin egoten ziren eta aste bakoitza herri batean igarotzen zuten. Aurten pandemiagatik aldaketa bat egin behar izan dugu eta haur bakoitza bere herrian geratuko da”, azaldu du Edurne Ayusok, Alkizako kultur teknikariak.

Hiru udalek elkarrekin antolatu dituzte udalekuak eta begiraleen aukeraketa prozesua ere batera egin dute. Alkizan bertan 20 umek eman dute izena, bestetan baino gutxiagok. Horietatik bederatzik udalekuez gozatuko dute eta hamaika egongo dira ludotekan. Herri txikiak direnez, eskolako burbuila taldeak errespetatuko dituzte. “Adunan eta Larraulen aurreko urteetan baino haur gehiago apuntatu dira eta guztira hiru herrietarako hamabi begirale izango ditugu”, zehaztu du Ayusok.

Aurten haurrek gaua igarotzera joateko aukerarik ez dute izango, baina Alkizan ikasturte osoan zehar martxan izan duten Baso Eskola proiektuari jarraipena emango diote. “Umeak ohituta daude astean bitan gutxienez basora joaten. Gure asmoa udalekuetan ere horri eustea eta basora joaten jarraitzea da”, azaldu du.

Horrez gain, haurrak igerilekura joan izan dira beste urteetan eta pandemiak hori ere eragotzi egin du aurten. Hala ere, alternatiba dotorea aurkitu dute hutsune hori bete-tzeko. “Ez da irteerarik izango, baina udalekuak irauten duten bitartean Alkizan, Larraulen eta Adunan mago bana, ipuin kontalari bana eta mahai jokoak egongo dira”, nabarmendu du.

Errenteria

“Gaua pasatzera joatea aurten berreskuratu dugun zerbait da”

Errenterian ere adinaren arabera antolatu dute udako eskaintza zabala. 2015-2017 urteen artean jaiotakoentzat Txikiak programa antolatu dute eta herrian bertan egingo diren jardueretan oinarrituko da. Ekainaren 24tik uztailaren 21era lau txanda egingo dituzte eta bakoitzak bost egun iraungo ditu.

2011-2014 bitartean jaiotakoentzat udalekuak antolatu dituzte data berean eta hauek ere lau txandatan egingo dira. Txanda bakoitzeko bost egun izango dira eta ordutegia 9.30etik 13.30era izango da.

2008-2010 bitartean jaiotakoentzat Errenteabentura antolatu dute eta uztailaren 5etik 16ra bi txanda egongo dira. “Egun batzuetan etxera joango dira bazkaltzera eta beste batzuetan bazkaria beraiek eraman beharko dute”, azaldu dute Errenteriako Udaleko Gazteria Sailetik.

Eta azkenik, 2005-2007 bitartean jaiotakoentzat kanpamentuak antolatu dituzte. “Uztailaren 5etik 16ra bi txanda antolatu ditugu eta gazteek Beirera (Nafarroa) joan ahal izango dute bost egunez. Hori aurten berriro berreskuratu dugun zerbait da, iaz pandemiaren ondorioz ezin izan baitzuten gaua pasatzera joan”, adierazi dute.

“Ez dakigu aurten hondartzara joango garen ala ez, neurrien arabera erabakiko dugu”

Donostiako Udaleko euskara teknikaria

“Aurten aldaketa bat egin behar izan dugu eta haur bakoitza bere herrian geratuko da”

Alkizako kultur teknikaria