- 100 erakusketari eta 50 jarduera baino gehiago egongo dira Bioterraren XVIII. edizioan eta ekonomia zirkularrari arreta berezia eskainiko diote aurten. Gainera, Bioterra 2021en erronka erabili eta botatzeko 2.000 edalontzi eta katilu aurreztea izango da.

Aurtengo edizioaren aurkezpena atzo egin zuten Ficoban eta bertan izan ziren Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidente Jose Antonio Santano, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensio.

Ziurtagiri ekologikoa duten elikadura, ehun eta kosmetika produktuak, kosmetika eta higiene naturala, habitat osasungarri osagarriak terapia naturaletarako, ekoturismoa, erremedio naturalak, prentsa espezializatua, bioeraikuntza, autokontsumoa eta mugikortasun berria dira erakusleek Bioterran erakutsiko dituzten proposamenetako batzuk. Erakusketarien herena Euskaditik dator, eta gainerakoak, batez ere Nafarroatik, Madrildik, Valentziatik eta Kataluniatik.

Ekonomia zirkularrari lau ikuspuntutatik helduko dio aurtengo edizioak: kontsumoa, ehungintza, elikadura eta energia. "Ekonomia zirkularra aukera da Gipuzkoan Europako Itun Berdea praktikara eramateko; hazteko aukera ere bada, baina batez ere, gure herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko; gure eredu ekonomikoaren eraldaketaren alde eginez", adierazi zuen Asensiok.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal 2021 bereizgarria aurkeztuko du azokan. Bereizgarri horrek Europako Itun Berdea delakoaren espiritua Euskadira ekarri duen ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-estrategiaren inguruko dibulgazioa eta eztabaida biltzen ditu.

Bioterra ikusteko, parte hartzeko, ukitzeko eta plater eta edari osasungarriak dastatzeko lekua da. Kontsumo hori gero eta jasangarriagoa izan dadin, edalontzi eta katilu berrerabilgarrien zerbitzua jarriko dute bisitarien eskura. Irri Sarri enpresak bultzatutako ekimenak azokako hiru egunetan 2.000 erabili eta bota-tzeko katilu eta edalontziak erabiltzeari uztea du helburu.

Ekimenarekin bat egin nahi dutenek lau euroko gordailua egin beharko dute eta horren truke edari beroentzako tapa duen katilu bat eta edari hotzentzako edalontzi bat emango diete. Bioterrara bisita amaitutakoan, edalontzia itzuli eta egindako gordailua ere itzuliko zaie.

Bioterrak 50 jarduera baino gehiagoko programa bat ere izango du eta horren inguruko informazio guztia http://bioterra.ficoba.org webgunean kontsultatu daiteke.