ehenengo Mundu Gerrak justu hasia zegoen, baina Erresuma Batuko gerra idazkariak argi zeukan armadako kideen kopurua erabakiorra izango zela gerra irabazteko. Horregatik, ahalik eta jende gehien errekrutatzea ezinbesteko izan zen. Orduan, Sir Henry Rawlison jeneralari ideia bat otu zitzaion. Agian gizon gehiagok emango zutela izena borrokarako, euren lagun eta kideekin borroka egiteko aukera ematen bazitzaien. Ordurarteko ohiturarekin puskatzen zuen honek. Batetik ordurarte armada nagusiki profesionala nahiago izan zuen Erresuma Batuak, eta bestetik ausazko sailkatzea alboratzen zuten.

Denbora gutxian lantokiek bataloiak antolatu zituzten, futbol eta errugby taldeek ere bai, eta auzoka ere antolatu eta animatu ziren gudarako. Lehenengo Mundu Gerra hasierako sukar nazionalistaz lagunduta, lehiaketa ere bihurtu zen, ea zein hirik bilduko ote zituen borrokalari gehiago aberriaren alde.

Ez zen denbora asko pasa ideia egokiegia ez zela konturatu zirenerako. Somme-ko guduaren ostean lagun artean elkartze hori bertan behera utzi zuten. Arratsalde berean auzune bereko hirurehun edo laurehun gizonek gal zezaketen bizia, amona batek bere lau iloba galdu erasoaldi berean, eta horrek bai guduzelaian eta bai etxean min handia eragiten zuen. Moralak bi zentzutan egin baitezake azkar, gora eta behera.

Gizaseme haiekin egin zuten saiakuntza, eta hasieran ongi bidean zihoana, azkar asko zapuztu. Antzeko sentsazioa dut nik txertaketa kanpainarekin. Atzo balio zuenak, gaur ez, eta gaurkoa ona dela biharko, baina etzirako ez.

Astra Zeneca jarri ziguten, nahiz eta ordurako zalantzan zegoen hiltzen ote gintuen ala ez. Geratu zuten txertatzea; segidan berriz hasi. 60 urtetik gorakoentzat ez zen komeni hasieran, gero bai. Bost milioi txerto jaso behar genituen, urrutiko intxaurrak nonbait. Orain aurreko txertoa txarra omen, eta Pfizer-ekin jarraitu behar dute. Txarra zen duela astebete txertoak nahastea, gaur aldiz dirudi ideia askoz hobea.

Dozena bat izango gara gutxienez gure jendartean gisa horretako erabakiak hartzeko prestakuntzarik ez dugunak. Dozena bat edo milaka dozena. Kontua da ez dudala nire burua ikusten zein txerto hartu aukeratzeko moduan. Eta inguruan entzun dudanez, beste askok ere ez. Logikak esaten dit txerto beretik hartzeak zentzua duela, baina beldurra ere sartu digute, hori aukeratuz gero agian gabe geratuko garela esanez. Kontuz goitik datorrena zalantzan jartzearekin, disidente.

Gurekin jolasten dute, Bristol edo Liverpool-eko soldadu horiekin jolasten zutenaren an-tzera, baina heriotza gutxiagorekin zorionez. Itxura politikoa duten erabakiak datu zientifiko eskasez estali, konbentzitzeko asmoz. Ez naiz ez zientzialari, ez eta negazionista ere, baina nire partez erabakiak hartzen ari diren horri esango nioke mesedez zehaztasunez jokatzeko, hobebeharrez, eta ez merkatuaren arabera. Arriskutsu bihur baitaiteke tontoen batailoi hau, eta ez ote gaitu ziurgabetasunak babesgabetasunera eramango. Lagunekin borrokatu ezean, agian borrokara ez baikara joango, asperduraren asperduraz.