- Iaz 24,4 kilo hondakin utzi zituen lata, tetrabrik eta plastikozko etxeko ontzietarako edukiontzi horietan EAEko biztanle bakoitzak. Kopuru hori 2019koa baino %6,7 handiagoa da, gainera, 2020an pandemiak eta konfinamenduak eragindako egoera berezia kontuan izanik.

Ontzien birziklapena koordinatzen duen Ecoembes erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak atzo kaleratu zituzten iazko gaikako bilketaren datuak, eta argi ikusten da euskal herritarrek birziklatzearekin duten “konpromisoaren hazkundea”, azken bost urteetan %34ko hazkundea izan baitu.

Hala ere, oraindik ezinbestekoa da etxeetan “bereizketa fintzea”, edukiontzi horian utzitako guztizko kiloetatik 5,5, edukiontzi horretarako egokiak ez ziren hondakinak izan bai-tziren.

Bestalde, edukiontzi urdinetan jasotako hondakin-kopuruak %3,3 egin zuen behera, euskal herritar bakoitzak 32,5 kilo paper eta kartoi utzi baitzituen. Ecoembesen iritziz, gutxitze hori “aldizkakoa da”, azken bost urteetan %3 gehitu baita ia uniformeki. Konfinamenduan hainbat establezimendu itxita egotea izan daiteke datu horren arrazoia, saltokietako papera eta kartoia ere edukiontzi horietan birziklatzen baita.

Atzo jakitera eman zituzten datuen arabera, iaz, guztira, 79.361 tona etxeko ontzi eraman ziren birziklatzeko instalazio homologatuetara. Zenbaki hutsez gain, hezkuntzan ere hainbat kontzientziazio ekin-tza egiten jarraitu dute, Ecoembesek, Cristina Enea Fundazioak eta Sanmarkosek susta-tzen duten Ingurumen-hezkuntzako ONdakin proiektuaren bidez, ia 38.000 ikaslerengana iritsiz.

Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuorde Amaia Barredok nabarmendu zuenez, “orain gutxi ezarri berri den udal-hondakinen atal organikoaren bilketa selektiboarekin (edukiontzi marroia deiturikoa), argi asko antzeman dugu bilketa horrek efektu biderkatzailea eragiten duela gure sukaldeetan bereizten ditugun gainerako atal desberdinetan”. “Izan ere, materia organikoa bereizten duen familia batek askoz banaketa-ratio hobea izaten baitu gainerako ataletan ere, ontziak eta papera bakarrik banatzen dituen familia batekin alderatuz gero”, azpimarratu zuen amaitzeko Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak.