- EAJk epaiari egindako kritikak bat datoz Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazitakoekin. Iritzi berbera adierazi dute euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten talde ugarik ere, eta larunbat eguerdirako elkarretaratzea deitu dute Bilboko auzitegiaren aurrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo hamabi udaltzain lanposturen hizkuntza-eskakizunak bertan behera utziz eman berri duen epaiak kezka sortu du EAJrengan; izan ere, alderdi jeltzalea ez baitator bat enplegu publiko bat betetzeko bi hizkuntza ofizialak jakitea eska-tzea "diskriminatzailea" dela dioen erabaki judizialarekin.

EBBren asteroko bileraren ostean, alderdi jeltzaleak ohar baten bidez jakinarazi zuen atzo "harridura, desadostasuna eta kezka" adierazi nahi dituela "herrialdearen errealitatearen aurkako" epaia delako. Bere ustez, epaiak "euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen ditu, euskal erakundeen autogobernua higatu eta udalen autonomia mugatzen du". Gainera, ebazpen judizialaren aurkako errekurtsoa jartzera animatu dute Irungo Udala.

EAJk gogora ekarri du 86/1997 Dekretuak ezartzen duenez Udaltzaingoko lanpostuak lehentasunezkoak direla, jendearen aurrerako lanpostuak direlako; eta, beraz, funtsezkoak, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Eustaten datuen arabera, 2016an Irungo biztanleen %60,32k bazekien euskaraz, eta EAEANk datu hori kontuan hartu ordez erabilerari buruzko datuari eutsi dio, nabarmen txikiagoa, bere arrazoitzea eraikitzeko.

EAJren oharraren arabera, Irungo Udaltzaingoaren deialdiak "indarrean dagoen legedia bete-tzen du".