- Lehen aldiz, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak, Foru Aldundiarekin batera, uda honetarako desgaitasun handiak dituzten haur eta gazteentzako kirol eta aisialdi jardueren programa bat antolatu du. Gazteek hainbat herritako eguneko udalekuetan, eta Donostian gaua igarotzeko aukera izango duten campusean parte hartu ahal izango dute.

Programa hau berariaz diseinatu da mendekotasun fisiko, intelektual edo sentsorial handia duten haur eta nerabeek dituzten laguntza-premia garrantzitsuei erantzuteko; izan ere, orain arte aisialdiko jardueretatik kanpo geratu ohi baitira, behar duten logistika konplexuagatik edota arreta-ratio handiak estaltzen dituzten langile kualifikatuen faltagatik.

Kirol egokituaren federazioak sei urte daramatza horrelako jarduerak antolatzen, baina datorren udan egingo du lehenengo aldiz Aldundiaren laguntzarekin; horrela, eremu horretan dagoen "hutsunea" bete-tzeko premiaz jabetuta, Udalekuak eta Gazte Oporraldiak kanpaina arruntean desgaitasunen bat duten adingabeei ematen zaizkien plazen %5eko eskaintza osatuz.

Blanca Aranguren Gipuzkoako kirol egokituko federazioko presidenteak zehaztu duenez, "oso populazio heterogeneoa da, askotariko patologiak dituena", besteak beste autismoa, nahasmendu neurologikoak edo desgaitasun fisiko eta motorrak. Gainera, azken urte honetako osasun-krisiaren ondorioz, "kasu askotan atzera egin dute autonomian, autoestimuan eta gaitasunetan", eta horrexegatik "ingurune seguruetan sozializatzeko eta ondo pasatzeko behar handia dute".

Udaleku irekiak ekainaren amaieran hasi eta uztailean zehar luzatuko dira; lau ordukoak izango dira goizez, astelehenetik ostiralera, beti ere parte-hartzaile kopuru txikiko taldetan, adinaren eta desgaitasun motaren gorabeheran. Donostian, Zarau-tzen, Beasainen eta Ordizian, Irunen eta Hondarribian, Azpeitian eta Azkoitian, Legazpin eta Errenterian osatuko dira. Ez dago kopuru mugarik, baina antolatzaileen ustean, eskaria 50 plaza ingururekin ase ahal izatea aurreikusten dute.