Hur Gorostiagak, Ipar Euskal Herriko ikastolen Seaska federazioko zuzendariak, bertako ikastoletan euskararen alde egiten duten lanak “berebiziko garrantzia” duela uste du. Euskal Herriko erakunde publikoek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egiten duten inkesta soziolinguistikoaren arabera (2016koa da azkena), euskal hiztun kopurua murriztu egin da Iparraldean eta ikastolak, nolabaiteko ingurune frantsesean, “oasi bat” direla dio Gorostiagak.

1969an sortu ziren ikastolak eta ordutik 37 ireki dituzte Iparraldean. Hezkuntza sistema hirutan bana-tzen da bertan: Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) 32 ikastetxe daude; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau kolegio; eta DBH4 eta Batxilergoa hartzen dituen Lizeo bakarra: Baionako Etxepare Lizeoa.

Ikastolez gain, eskola publikoak eta ikastetxe katolikoak ere badira bertan eta erdiak baino gehiago B eredukoak dira (erdia frantsesez eta beste erdia euskaraz). “Baina ikasle kopuruari erreparatzen badiogu, ikastolak, eskola publikoak eta eskola katolikoak aintzat hartuta, gaur egun haur hezkuntzan bi haurretik batek jasotzen du murgiltze ereduko (D eredua hegoaldean: guztia euskaraz) edo B ereduko irakaskuntza”, azaldu du Gorostiagak.

Azken urteetan ikastolen bultzadarekin eskola publiko eta pribatuetan ere B eredua nabarmen garatzen hasi dira. “Horrez gain, esperimentazio batzuk ere egin dituzte murgiltze ereduan hainbat eskola publikotan. Baina Parisek debekatu egin die eskola publikoei D eredua garatzea eta gu ere borrokan gabiltza eskola publikoan eskubide hori izan dezaten”, argitu du.

Horren harira dator Parisen egin duten Molac legea, hizkuntza gutxituak babesteko eta sustatzeko Frantziar Estatuak duela gutxi onartu duena. “Lege hori zalantzan dago orain Frantziako Konstituzio Epaitegian”, azaldu du. Asanblea Nazionalean eta Senatuan legea bozkatzea lortu zuten apirilean, Gobernuaren iritziaren aurka.

“Estatuko aparatu guztia mugitzen hasi da Gobernua, eta 60 diputatuk helegite bat aurkeztu dute Konstituzio Kontseiluan. Hainbat jukutria egon dira hor tartean, izan ere, helegitea ez baitu zuzenean Gobernuak jarri. 60 diputatu horiek manipulatu ditu helegitea jartzeko, eta horietako batzuk aitortu zuten beraiek ez zeudela ados errekurtso hori egitearekin. Maiatzaren 22an jakingo dugu ea azkenean lege hori konstituzionala den ala ez”, zehaztu du.

Ikastolak murgiltze ereduan daudenez, euskaraz egiten dute guztia bai irakasleek eta baita langileek ere. “Gertatzen dena da gaur egun familien gehiengoa erdaldunak direla (frantsesak). Hala ere, beraien haurrak euskaraz ikastearen aldeko apustua egiten dute. Familiak erdaldunak izateak zailtasunak eragiten ditu haurrak euskaraz aritzeko orduan, izan ere, etxean frantsesa entzuten baitute, telebistak frantsesez hitz egiten du eta gaur egun batez ere, sare sozialek eta internetek ere frantsesez egiten dutelako”, adierazi du. Zentzu horretan, eta ingurune frantsesean, ikastolak nolabaiteko “oasia” direla uste du.

eguneroko bizitza

“Oro har, kalean euskara onartua da Iparraldean. Seinaleak, adibidez, euskaraz eta frantsesez daude, baina familia giroan eta gune pribatuetan ez da euskararik entzuten”, azaldu du Jean Baptiste Coyosek, Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkariak.

Iparraldean 300.000 pertsona bizi dira, eta horietatik 50.000 (16 urtetik gorakoak hartzen ditu aintzat Eusko Jaurlaritzaren inkestak) dira elebidunak. Biztanleen %20,5 da euskalduna bertan, baina Coyosen ustez, badira “keinu baikor” batzuk ere. “Adibidez, belaunaldi gazteen artean %2 hazi da euskaldunen kopurua hezkuntzari esker”, nabarmendu du.

Hala ere, euskaldun horiek euskara gaitasun “apalagoa” omen dute eta adineko euskaldunek baino gutxiago erabiltzen dute euskara. Datuak 2016koak badira ere, gaur egun “argazki fidagarria” eskaintzen dutela uste du Coyosek.

“Arnasgune gutxi daude Iparraldean. Familia gutxi batzuetan, Seaskako ikastoletan eta komunikabide batzuetan euskara erabiltzen dute beti. Baina arlo sozioekonomikoan gutxi erabiltzen da, laborantzan edo turismoan, agian, pixka bat”, zehaztu du.

Coyosen arabera, Iparraldean euskara ez da hizkuntza instituzional hutsa, baina ez da koofizialtasunik existitzen eta “urrun” daude horretatik. “Kostituzioko bigarren artikuluak dio Frantziar errepublikako hizkuntza frantsesa dela eta legedia ez dago hizkuntza gutxituen alde”, azpimarratu du.

Euskaldun kopuru handiena ekialdean kokatzen da: Nafarroa Beherean eta Zuberoan. “Horietan gutxi gorabehera, bizilagunen %50 dira euskaldunak, baina biztanleria urria da han. Baiona, Biarritz eta Angelu bezalako hiri handietan berriz, soilik %9 dira euskaldunak. “Hala ere, jende helduaren artean bada euskara ikasteko nahi bat oro har, eta gutxi gorabehera urtero 1.000 ikasle inguru joaten dira euskaltegira Iparraldean”, esan du Coyosek.

“Familia giroan eta gune pribatuetan ez da hainbeste euskara entzuten Iparraldean”

Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaria

“Familia erdaldunek ere apustua egiten duten beraien haurrek euskaraz ikas dezaten”

Seaska federazioko zuzendaria