Aintzane Artola tolosarrak angok bular bakarreko emakumeentzat titi-zorro eta bainujantzien kolekzioak aurkeztu berri duen elkartasun kanpaina parte hartu du. Andrea eta Jasmina, titi bakarreko beste bi emakumerekin batera Bartzelonara bidaiatu zuen modelo lanak egiteko. Modelo gisa esperientzia handirik ez izan arren, bizitakoa "izugarria" izan dela adierazi du tolosarrak.

"Semeari bularra ematen niola ohartu nintzen bulto txiki bat nuela", kontatu du Artolak. 30 urte besterik ez zituen, zazpi zentimetroko tumore bat, eta beste bizpahiru aurkitu zizkiotenean. Onkologoen eskuetan jarri bezain pronto hasi ziren tratamenduak: "Aurrena kimioarekin hasi nintzen, ondoren eskuineko bularrean mastektomia, eta azkenik, erradioterapiarekin". Orduaz geroztik, azalean bizi ditu bular batekin bizitzearen ondorio sozialak.

Emakumeon bularrekin egiten diren mitifikazioak haustea du helburu Teta&Teta elkarteak. Artolak aspaldidanik ezagutzen zuen, eta lehenagotik ezagutzen zuen Idoia Miranda katalana. Instagramen Tocate las tetas izenarekin da ezagun, eta bien arteko harremana bertan hasi zela kontatu du tolosarrak: "Nire titi-zorroak sortzen hasi nintzen, eta aholku eske hitz egin nion". Izan ere, denboraldi batez bularrean jartzen den silikonazko protesia erabiltzen hasi baitzen Artola. "Oso deseroso nengoen, kirola egiten nuenean bereziki", eta arrazoi horregatik erabaki zuen protesia kentzea.

Espainiako Kirurgia Plastikoko Elkarteak emandako datuen arabera, urtean 16.000 mastektomia egiten dira espainiar estatu osoan. Horietatik, 4.800 emakume inguruk bular berriak jartzen dituzte; eta 1.920ek unean bertan egiten dute. Hortaz, urtean guztira 14.000 emakume dira bular berriarekin bide berria eraikitzen dutenak, eta Artola izan da horietako bat.

2019an, Mirandak eta Teta&Teta elkarteak crowdfounding kanpaina bat abiatu zuten Lola izeneko titi-zorroen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin. Titi-zorro "artisauak" dira, emakume batek eskuz eta neurrira ekoizten baititu. "Oso politak dira, baina garestiak -100 euro-", adierazi du. "Arrakasta handiko" proiektu bihurtu eta produktuak merkaturatzerako orduan "abiapuntu" ere izan zen. Izan ere, Teta&Teta elkarteak eta Lolak helburu berbera baitzuten: "Produktua ezagutzera eramatea, enpresa handiak erakartzea, merkatu bat sortzea eta ikusgarritasuna lortzea".

#massujetadorescomolola challengearen bitartez, Lola bezalako titi-zorro gehiago aldarrikatu zituzten sare sozialetan milaka emakumek, elkartek eta kolektibok. Azkenean, Mango, Carrefour eta Women Secretek proposamenarekin bat egin zuten. "Zerbait egingo zutela" esan, eta azkenean, iritsi zen eguna. Mango etxeak kanpaina ateratzea erabaki zuen.

"Teta&Teta elkartea, bular bakarreko emakume europarren bila zebilen Mango etxeak atera behar zuen bilduma berrian modelo lanak egiteko". Bi aldiz pentsatu gabe, Artolak izena eman, eta handik egun gutxira Bartzelonan zen argazkiak egiteko prest. Lola eta Lolita. Bular bakarra duten emakumeentzako titi-zorro bat, bainujantzi bat eta bikini bat dira Lola berria. Horrez gain, Lolita bilduma txikia ere kaleratu dute, protesia erabiltzen duten emakumeentzat. Gainera, bi bilduma horiekin lortutako irabazi guztiak Teta&Teta elkarteari bideratu dizkiote.

"Kolekzioa oso erosoa da, baina bular handia duten emakumeak oraindik ere deseroso sentitu daitezke", esan du Artolak. Eredu bat besterik ez da, eta datozen urtaroetan bilduma berriak ateratzeko asmoa dute. Inolaz ere, "oihartzun handia" izaten ari den elkartasun kanpaina da, Vogue, Elle edota Marie Claire moda-aldizkari en-tzutetsuek jada zabaldu baitituzte Artola agertzen den kolekzio berriko argazkiak. "Beldurra edo lotsa agian ez zaigu kenduko, baina hitz egiten jarraituko dugu", aldarrikatu du Artolak.