- Idiazabalen bertan egiten ditu Ander Barandiaranek bere gaztak, Gaztañaditxulo baserrian. Idiazabal Jatorri Deiturak "kalitate goreneko esnea" lortzeko egiten duen lana saritu nahi izan du aurten Artisau egileen kategorian.

Zenbat denbora daramazu gaztak egiten?

-Ni 2016ra arte lantokian aritzen nin-tzen lanean eta 2006tik artalde bat ere bagenuen. Amak gaztak egiten zituen eta nik lagundu egiten nion. Baina momentu batean lan gehiegi pilatu zitzaidan eta nekatu egin nintzen. Erabaki bat hartu beharra neukan eta nire ilusioa beti gaztagintza izan denez, honetatik bizitzea hautatu nuen.

Nola eragin dizu pandemiak gaztak saltzerako orduan?

-Uste dut urtea denontzako izan dela trakets samarra. Baina egia aitortu behar badut, ez nuen uste gazta hain ondo salduko zenik 2020an. Martxoan egoera oso beltz jarri zitzaigun eta ez zen batere saltzen, arkumeak hondoa jo zuen eta esneak eta gaztak ere beste hainbeste. Gero, Internet bidez hasi ginen mugitzen eta ateak zabaltzen hasi zitzaizkigun. Ekainean guraso izan ginen eta orduan, berriro ere, lana pilatu egin zitzaigun. Esnea saltzea erabaki nuen ekainean eta uztailean, eta 2019an baino ekoizpen txikiagoa egin genuen, baina gauzak nola jarri ziren ikusita, nik uste baino hobeto saldu da.

Ba al du etorkizunik gaztagintzaren sektoreak?

-Etorkizuna izan beharko du, bestela honek ondorio latzak ekarriko baititu. Etorkizuna izatekotan sektore honek erakargarria izan behar du, eta nik uste dut agintariek ere pausoak ildo horretan eman behar dituztela. Ezin da esnea eta arkumea orain 40 urteko salneurrietan saldu, ez baita errentagarria. Eta errentagarria izateaz gain, sektoreak erosotasun batzuk ere eskatzen ditu. Lantoki edo bulego batean aritzen den pertsona batek adinako eskubideak beharko genituzke, soldata duin batekin behintzat lasaiago bizitzeko.

Zer suposatzen du zuretzat erregulartasun saria jaso izanak?

-Diploma honek poza handia ematen du, zalantzarik gabe. Hemen nire izena dago idatzita, baina honen atzean nire ama, Edurne Mujika, ere badago. Gure ama gure ama izan ez balitz, ziur naiz gaur ez nintzela hemen egongo.