- Astebete itsasoratu gabe egon ondoren, euskal arrantzaleek Asturiasko uretarantz abiatu ziren ontziak astelehenean eta antxoaren kanpainako harrapaketa onenak lortu dituzte aste honetan. Astelehenean hasi eta atzora arte, Kantauriko flotako ontziek arrain asko porturatu dute Gijonen, Avilesen eta Burelan batez ere. Arrantzatutako arrainaren tamaina, kiloko 30 eta 40 ale bitartekoa izan da eta ordura arte ez bezala, kontserba enpresek antxoa erosteari ekin diote tamaina onekoa delako. Arrainaren kalitatearen eta tamainaren araberakoak izan dira prezioak. "Zorionez antxoa handia aurkitu dugu eta harrapaketak onak izan dira. Prezioak ere, orain artekoak baino altuagoak izan dira" adierazi du Bizkaiko patroi batek Asturias aldetik.

Aste honetan arrain asko sartu da arestian aipaturiko portuetan. Egun batean milioi bat kilo baino gehiago saldu dirala eta portu batzuk hainbeste arrain jasotzeko prestaturik ez daudela kontuan izanda, azpiegitura arazoak egon dira. "Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak batera sartu dira portuetara eta arazoak sortu dira. Kaxak bidali behar izan ditugu Euskaditik eta ontziek denbora asko galdu dute izotzaren zain" nabarmendu dute Bizkaitik. Gauzak horrela, ontziak ez dira berriz itsasoratuko datorren astelehenera arte.

Beste alde batetik eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 10,5 milioi kilo harrapatu ditu Kantauriko flotak apirilaren erdiraldera arte. Gogoratu behar da, urteko kuota 26 milioi kilokoa dela. Euskadiko flotak geldialdiak egin ditu kanpaina modu jasangarrian kudeatzeko. Euskadiko portuei dagokienez, hiru milioi kilo antxoa inguru saldu dira eta batez besteko prezioa 0,87 eurokoa izan da.

Beste alde batetik, antxoak bat egin du Eusko Label ziurtagiria duten produktuen familiarekin. Aurretik, hegaluzeak eta hegalaburrak lortu dute zigilu hori. Horrenbestez, Eusko Label bereizgarriak emandako Kalitate ziurtagiria, euskal ontzidiak arrantzatzen duen beste espezie batera hedatu da. Gaurtik aurrera, antxoaren arrantzaldiak exijentzia handiko araudi tekniko batek ezarritakoa bete beharko du.

Eusko Labela duen antxoaren aurkezpena Getarian egin dute. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu, Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, "antxoa Eusko Labelen sartuta, Euskadiko arrantza sektoreari tresna berri bat ematen zaio bere produktuak ahalik eta baliorik egokienarekin iritsi daitezen merkatura".

Engraulis encrasicolus espeziekoa izango da Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako antxoa. Espezie hori harrapatzeko tartea martxoaren 1etik azaroaren 30era bitartean izango da, eta freskotasun handia duten aleak baino ez dira onartuko. Gainera, kontutan izango dira arrainaren kanpoko itxura, azala edo sendotasuna. Lehen fasean, antxoa freskoak baino ez du jasoko Eusko Label izendapena. Dena den, ateak zabalik izango ditu kontserbak bezalako produktu eraldatuentzat. Hazik ezarriko ditu beharrezko jotzen dituen kontrol eta ziurtapen sistemak produktuaren prozesuaren katean, ekoizpenean, kontserbazio eta biltegiratzean, garraioan, ontziraketan, manipulazioan eta merkaturatzean. Era horretan, ziurtatu egingo da Eusko Label bereizgarriarekin iristen den produktuak, araudiak ezarritako baldin-tzak betetzen dituela.