- Gipuzkoan zehar erosketetan ekimenarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aurtengo San Sebastian Moda Jaialdia babestuko du. Helburu bikoitza du iniziatiba berri honek: alde batetik, Gipuzkoako komertziotan erosteko aukera bultzatzea, tokiko merkataritzan kontsumitu dutenen artean egingo den zozketarako 2.500 euroko saria emanez erosketa-bale modura. Eta bestetik, herriek eta hiriek bizitasuna eta gizarte kohesioa lortzeko tokiko komertzioek duten garrantzia balioan jartzea.

Ekimena atzo aurkeztu zuen Javier Hurtado sailburuak Donostiako Maria Cristina hotelean eskainitako prentsaurrekoan. "Ehungintzaren sektorean salmentak %14 jaitsi dira pandemia garaian. Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Covid ezohiko laguntzez gain (10 milioi euro eman zizkioten merkataritzari iaz), 16 milioi euroko laguntza zuzenak onartu ditu aurten ehungintzarako eta oinetakoetarako", azaldu zuen Hurtadok.

Ildo horri jarraituz, Euskadi bonu denda aurkeztu eta ia 500.000 bonu trukatu ziren Euskadi osoan. Ekimen horrek 15 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan zuen.

Era berean, atzo aurkeztutako Gipuzkoan zehar erosketetan ekimenak tokiko merkataritza susta-tzea du helburu. "Horretarako 2.500 euroko saria banatuko dugu erosketa-bale modura, tokiko merkataritzan kontsumitu duten bezeroen artean", azaldu zuen.

Parte-hartzaile bakoitzak denboraldi jakin batean (apirilaren 6tik maiatzaren 1era, biak barne), Gipuzkoako hurbileko dendetan erosketak egin izana justifikatzeko aukera izango du tiketak denda horietara eramanez. Hori egiten duten guztiak sartuko dira opari-txartelen zozketan, eta txartel horiekin berriro ere tokiko merkataritzan inbertitzeko aukera egongo da.

Amaitzeko, sailburuak honako datu hau eman zuen: Sailaren Behatokiak argitaratutako Euskal Kontsumitzailearen Barometroaren arabera, Euskadin hamar pertsonatik seik beren kontsumo-ohiturak "nabarmen" aldatu dituzte pandemiagatik, eta tokiko merkataritza alorreko salmentak %35 hazi dira.

XV. edizioa. Isabel Zapardiez, Sophie et Voilá, Maialen Campaña, Matsu Studio, Aldabaldetreku eta Kutxa Kultur Moda (Akukuna, Amarenak, Eli-TWO, EME by Maialen Porroy, Fanny Alonso, Ione Iruretagoiena eta Laza Clothingek osatutako showa) diseinatzaileek hartuko dute parte aurtengo San Sebastian Moda Jaialdian. Maiatzaren 13tik 15era egingo da XV. edizioa eta formatu hibridoa izango du. Alde batetik, maiatzaren 15ean sei desfile eta fashion showa egingo dituzte San Telmo Museoan, eta horietako bakoitzean edukiera ohikoaren %30ekoa izango da. Bestalde, maiatzaren 13an aurrez aurreko fashion showa egingo dute Garberan, prestigiodun bertako markek eta Euskadin saltokiak dituzten nazioarteko enpresek parte hartuz. Amaitzeko, maiatzaren 13an masterclass bat eskainiko du Aldundiko Ingurumen Sailak, eta hilaren 14an, online bidezko hi-tzaldiak emango dituzte adituek.