rungo Udalak "San Pedro eta San Martzial jaiak 2021" bertan behera utzi dituela iragarri zuen atzo. Irungo hiriak azken 14 egunetan pilatutako 400 intzidentzia-kasuak gainditu, eta eremu gorrian sartu zen egun berean zabaldu zuen erabakia Udalak. Aurretik, hartutako erabaki hori astearteko Kultura, Kirol, Euskara eta Hiria Bultzatzeko Batzordean jakinarazi zen, baita erakundeei eta elkarteei ere. Jaiak bertan behera geratuko dira bigarren urtez.

Prentsa-oharrean Udalak adierazi duenez, "arduratsuena hiriko jaiak ospatzeari uko egitea da, pandemiaren aurkako borrokan egiten ari den lan handia eta urte luze honetan herritarrek egindako sakrifizioa arriskuan jarri gabe".

Udalak "hilabete luze hauetan Irungo herritarrek pandemiaren aurka borrokatzeko erakutsi duten konpromisoa azpimarratu eta eskertu nahi die", eta neurriak betetzen jarraitzeko deia egiten du, "hau guztia pasatakoan eta denok elkarrekin, inoiz baino ilusio eta gogo handiagoz ospa ditzagun 2022ko San Pedro eta San Martzial jaiak".

Irungo jaiak ekainaren 23tik uztailaren 1era ospatzen dira, eta egunik seinalatuena San Martzial eguna da. Ekainaren 30ean egiten diren alardeak izaten dira jaiaren muina eta bihotza. Hain zuzen ere, orain arte, alarde tradizionalaren antolatzaileek, ezta mistoa bultza-tzen dutenek ere, ez dute iragarri desfileak bertan behera utziko dituztenik; baina ia segurutzat jo-tzen da, iaz bezala, hala egingo dutela.