- Iparraldeko ikastolen aldeko jaia maiatzaren 9an ospatu ohi da Sanperen. Aurten, aldiz, pandemiaren eraginez antolatzaileek herriz herri 30 Herri Urrats txiki ospatzeko erabakia hartu dute eta bertan bildutako dirua Iparraldean bosgarren ikastola sortzeko erabiliko dute.

Gaur egun Iparraldean lau ikastola daude: Larzabaleko Manex Erdozain-tzi Etxart, Kanboko Xalbador, Baionako Estitxu Robles Arangiz eta Ziburuko Piarres Larzabal. Aste honetan Iparraldeko ikastolen Seaska federazioak gogorarazi duenez, ikastola horiek jendez gainezka daude eta ezin diete ikasle gehiagori harrera egin.

Gainera, datozen urteetan ikasle kopurua %30 handituko dela aurreikusi dute eta hori dela eta, beharrezkotzat jo dute ikastola berri bat eraikitzea. Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, 2020ko edizioa ere bertan behera utzi behar izan zuten eta ezin izan zuten ikastolak eraiki, berritu edo handi-tzeko erabiltzen den dirurik bildu.

Herri Urratsen oraingo helburu nagusia Iparraldean bosgarren ikastola berria sortzea denez, aurten 30 Herri Urrats txiki ospatzea erabaki dute. “Ez da betiko Herri Urrats izango, argi dugu. Baina euskararen eta ikastolen festa izango da”, nabarmendu dute antola-tzaileek.

Ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa maia-tzaren 9rako. Kontzertu eta ostaturik ezin dela izan kontuan hartuz, ibilaldiak, janari edo jantzi salmentak eta antzeko ekintzak egingo dituzte egun horretan. “Badakigu Euskal Herri osoan hainbat jende geldituko dela bere herri edo hirietatik mugitu ezinik. Horregatik, Ipar Euskal Herriko 30 herritan bezala, maiatzaren 9an euskaltzale guztiak deitu nahi ditugu, bakoitzak bere tokian, bakoitzak nahi duen moduan, Herri Urratsen aldeko keinu bat egitera: topa, dantza, kantatu edo ibilaldi bat egin, adibidez”, adierazi dute.

Hala ere, antolatzaileek badakite maiatzaren 9an ez dutela ohiko Herri Urrats egunak ikastolei ematen dien etekina jasoko eta beraz, ez dutela ikastola berria sortzeko nahikoa diru bilduko. Horregatik, Seaskak Boga diru-bilketa kanpaina abiatu du.

Kanpaina hau urtarrilean abiarazi zuten eta helburua ikastola berria eraikitzen hasteko 300.000 euro lortzea da. Boga abiatu zutenean, Seaskak deialdi bat egin zien partikularrei, elkarteei eta instituzioei obraren zati bat babesteko boga.herriurrats.eus webgunearen bitartez.

Gainera, orain paperezko bertsio bat ere zabaldu dute jendeak nahi duen diru kopurua txekez edo metalikoz ordaintzeko aukera izan dezan. Oraingoz kanpainak erantzun ona izan duela nabarmendu dute, izan ere, dagoeneko 45.000 euro lortu baitituzte.

Hala ere, kanpaina ez da amaitu eta oraindik helburutik (300.000 euro) urrun daudela adierazi dute. “Haurrek euskaraz ikasteko aukera izatea segurtatu nahi dugu. Denen ardura da diru kopuru hori segurtatzea”, nabarmendu dute amaitzeko.