- Donostiako Basque Center On Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak hizkuntza nagusia euskara duten 9 eta 16 urte bitarteko 450 haur ingururen laguntza eskatu du adingabeen irakurketa-prozesuan garun-mekanismoak aztertzeko. Ikerketa honek aukera emango du Gipuzkoako adin horietako haurren irakurtzeko gaitasunen mapa zehatza lortzeko.

Irakurketaren mekanismoak eta haurtzarotik nerabezarora bitarteko garapena ezagutzeko asmoz, 2019ko irailean BCBL zentroak Dysthal proiektua jarri zuen abian. Orain arte, 9 eta 16 urte bitarteko 900 haur elebidunek baino gehiagok parte hartu dute proiektu horretan (Lehen Hezkuntzako 4. mailatik DBHko 4. mailara).

Abraham Sánchez Neuropsikologian eta Neurozientzia kognitiboan espezializatutako BCBLko ikertzaileak atzo azaldu zuenez, “lehen fasean haurrek nola irakurtzen duten eta zer irakurketa-estrategia jarraitzen dituzten ikusi ahal izan da”. “Emaitza horiei esker irakurketa moten eta irakurleen sailkapena egin ahal izan da, eta gurasoek eta haurrek beren irakurketa maila hobeto ezagu-tzeko balio izan dute”, gaineratu zuen.

Ikerketaren zati nagusia datozen hilabeteetan hasiko da. Haurrek ordenagailu baten aurrean joko batzuk egin beharko dituzte, eta erresonantzia magnetikoan ere bai. Sanchezek azaldu zuenez, teknika hori “ez da inbaditzailea, eta ez du osasunerako inolako arriskurik ere”.

Teknologia honen bidez, garuneko zirkuituek irakurketa nola sostengatzen duten eta garapenean zehar nola aldatzen diren ikertuko da, baita irakurketan dauden zailtasunak, dislexia kasu, garuneko zirkuituetan gertatzen diren akatsen ondorio nola izan daitezkeen ere.

Lehen fasean parte hartu zuten ikastetxeekin eta haurren gurasoekin harremanetan jarri da zentroa, proiektuaren bigarren fasean ere parte hartzera animatzeko. Proiektuan parte hartu nahi duten familiak BCBLrekin harremanetan jar daitezke dysthal@bcbl.eus e-mailaren bidez.

Beste saio batean, parte-har-tzaileek irakurketa-lanak egingo dituzte erresonantzia magnetikoaren barruan, eta horrek, “prozesu baten edo bestearen aurrean aktibazio-eredu handiagoa duten garun-eskualdeak ikustea ahalbidetuko du”.