- Hezkuntza-komunitateari bideratutako hainbat material eskaini dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak haurtzarotik eta nerabezarotik indarkeria sexista prebenitzeko helburuarekin, haurrei sexismoa txikitatik identifikatzeko aukera ematen dieten tresnak baliatuz.

Eider Mendoza Gobernantzako diputatu eta bozeramaileak, Miren Elgarresta Berdintasuneko zuzendariak eta Ilazki Gainza Kalaka kooperatibako ordezkariak Pausso izeneko proiektua aurkeztu zuten atzo; eta Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzako lau materialez osatua dago.

6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, gustukoen dituzten marrazki bizidunen inguruko animaziozko ikus-entzunezko batekin lan egiten da, eta, hura landuz, ikasleek "sexismoa identifikatzeko hurbilketa egingo dute".

Bideo-joko baten bitartez landuko dute gaia 8 eta 10 urte bitarteko haurrek, eta 10 eta 12 urte bitartekoentzat, berriz, fikziozko ikus-entzunezko bat prestatu da, "Sare sozialetan oharkabean gertatzen diren sexismoaren eta indarkeriaren oinarriak ikusarazten lagunduko diena".

Gainera, baliabide hauek diseinatu dituen Kalaka kooperatibak, 12 eta 14 urte bitarteko haurrentzat mugikorrerako APP bat jarri du martxan, eta horrekin, "modu sortzailean eta parte-hartzailean, kontsumitzen dituzten abesti, telesail edo filmetan sexismoa eta indarkeria sexista identifikatzeko aukera izango dute", bestelako aukera-zerrendak osatzeaz gain.

Ikuspegi feminista Gainzak azaldu zuenez, materialak "indarkeria sexista lantzeko ikuspegi feministan" oinarritzen dira, fenomeno hori "emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunean kokatzen baita". "Beraz, indarkeria sexista prebenitzekotan, egitura, rol eta estereotipo horiek desikasi eta eredu berriak bereganatu behar dira", gaineratu du.

Proiektu hori herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan aukeratutako bat izan zen. Azken bi urteetan 15.000 pertsona inguruk esku hartu dute prozesu horretan, eta sarritan agertu diren gaien artean, haur eta nerabeekin indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko beharra nabarmendu izan da.

6-8 urte. Animazioko ikus-entzunezkoaren bitartez, sexismoa identifikatzeko hurbilketa egingo dute haurrek.

8-10 urte. Bideo-joko bat izango dute eskura.

10-12 urte. Sare sozialetan oharkabean pasatzen diren indarkeria motak ikusaraziko dituzte.

10-14 urte. Aplikazio baten bitartez, kontsumitzen dituzten abesti, telesail edo filmetako sexismoa eta indarkeria sexista identifikatuko dituzte.