- Bigarren urtez jarraian, ez da hildakorik izan Aste Santu Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan mugikortasun-murrizketen ondorioz. Iaz, osasun krisiari aurre egiteko ezarritako konfinamenduak joan-etorrien kopurua izugarri gutxitu zuen; ondorioz, istripuak ere gutxiago izan ziren eta batere hildakorik ez.

Horrela berreskuratu zen euskal errepideetan heriotzarik ez gerta-tzearen joera, 2013an hasi eta 2019an eten zena, Araban bi pertsona hil zirenean.

Aurten, martxoaren 31tik apirilaren 5era bitartean, biktimak eragindako 45 istripu izan ziren, eta guztira 6 pertsona larri zauritu ziren. 2019an baino 13 istripu gehiago dira, 2020an baino 40 gehiago (urte oso atipikoa pandemia agertu zelako), eta 2018an baino 10 gehiago.

Beraz, istripuen kopuruak gora egin arren, ondorioak ez dira hain larriak izan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez.

Euskaditik ez sartzerik ez irteterik ez zegoenez, ez zen irteera eta itzulera operazioetako joan-etorri masiborik gertatu; aitzitik, Aste Santu honetako bidaiak laburrak izan dira, nagusiki Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako barnealdetik euskal kostaldera, eta alderantziz.

Bilborako, Donostiarako eta Gasteizerako sarbideetan antzeman ziren mugimendurik handienak, beti ere, auto-ilara aipagarririk gabe.

Martxoaren 31tik apirilaren 5era 1.045.691 joan-etorri zenbatu ziren EAEko hiriburuetarako sarbideetan, 2019ko data baliokideetan baino %18 gutxiago.

Beherakada hori, batez ere, Donostiako sarbideetan nabaritu da (2019an baino %24 joan-etorri gutxiago); neurri txikiagoan, Bilbon (%15 gutxiago) eta Gasteizen (% 8 gutxiago).

Biriatuko mugan 75.928 joan-etorri zenbatu ziren (2019an baino %65 gutxiago), eta lurraldeen arteko ibilbide luzeko trafikoan 326.854 joan-etorri (2019an baino %43 gutxiago).

Aste Santuko azken bi kanpainetan euskal errepideetan hildakorik ez dela egon azpimarratu du Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, eta "zero biktima helburuarekin" Jaurlaritzak "istripu-tasa murrizteko lanean jarraituko duela" berretsi du.