Euskara ezin erabiltzeagatik egindako kexak ugaritu egin dira

Behatokiak adierazi duenez osasun-sektorean, hezkuntzan eta administrazio publikoetan gaztelania nagusitu da

30.03.2021 | 23:54

donostia – Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren datuek erakusten dutenez, euskararen erabilerari dagokionean, intziden-tzia linguistikoen kopurua %66,7 igo da pandemia hasi zenetik gaur egunera arte.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak 2020. urteari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon; urte horretan, 1.229 jazoera erregistratu ziren Akuilari aplikazioan eta Euskararen Telefonoan, 2019an jasotako 737en aurrean.

Horietatik guztietatik 1.146 kexak izan ziren, 43 kontsultak eta 43 zorion mezuak.

Gaubekaren hitzetan, osasun egoerak eskatzen duen "presa eta azkartasuna, aitzakia" izan dira euskaraz hitz egiten duten herritarren hizkuntza eskubideak "bigarren mailan geratzeko".

Txostenaren datuek "errealitatearen zati bat" baino ez dutela erakusten azaldu zuen, izan ere, herritar askok "lotsa edo beldurra" sentitu baitute pandemia garaian "zerbitzuak euskaraz eskatzeko".

Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza dira kexa gehien jaso dituzten bi erakunde publikoak, Behatokiaren txostenak dionaren arabera; eta eremu pribatuan, berriz, arau-hauste gehienak merkataritza gune handietan gertatu dira.

Behatokiak osasun-sektorea, hezkuntza eta administrazio publikoak nabarmendu ditu 2020an, hiru arlo horietan komunikazioa gaztelaniaz gailendu delako.

Estatuko eta erkidegoetako administrazioen adierazpenetan eta osasun arloko jarraibideetan, komunikazio gehienak gaztelaniaz eskaini dira, eta horrek "euskara baztertuta utzi du", Gaubekaren esanetan.

Osasun-sektorean 137 kexa erregistratu dira, gehienak PCR probak edo bestelako esku-hartzeak egitera joandakoan euskarazko arreta-zerbitzurik ez emateagatik.

Hezkuntzari dagokionez, kexa gehienak Lanbide Heziketaren sektorean sortu dira, euskaraz hitz egiten duen irakasle premiagatik.

Txostenak jasotzen duenez, pandemian gehien erabili diren sistema telematikoetan ere "ez da sustatu" izapideak euskaraz egin ahal izatea.

Halaber, Behatokiak kritikatu duenez, "kasu askotan" ahozko arreta-zerbitzuekin euskaraz hitz egiten duten herritarrek gaztelaniaz jaso omen dute erantzuna, horrek gaztelaniaz hitz egitera "bultzatzen" dituelarik.

Txostenean nabarmentzen den beste alderdi bat euskarazko jarduera entretenigarrien eskasia da, bai turistikoak, kulturalak zein kiroletakoak, baita ikus-en-tzunezkoak ere. "Ez dago Disney Plus edo Netflixik euskaraz" adierazi zuen Gaubekak.

"Argi geratu da egoera garran-tzitsuak sistematikoki gaztelaniaz kudeatzen direla", adierazi zuen Behatokiko zuzendariak, eta amaitzeko, erakunde publiko eta pribatuei "herritarren hizkuntza eskubideak babesteko urratsak emateko" eskatu zien.

2020an 1.229 jazoera erregistratu ziren Akuilari aplikazioan eta Euskararen telefonoan; 2019an, aldiz, 737

Estas son las tendencias actuales, las especies que mejor se adaptan a tu espacio y los cuidados que necesitan para crezcan sanas