- Aurten ere Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzako Udalekuak 2021 programa antolatu dute Foru Aldundiek. 2.321 plaza izango dira guztira eta hiru lurraldeetako haur eta gazteentzako prestatu diren jolas- eta hezkuntza-programen eskaintzan parte hartu ahal izango dute.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol foru diputatuak, Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradunak, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak aurkeztu zuten atzo programa Gasteizen.

Kanpaina honetan, hiru lurraldeetako 2.321 haurrek hartuko dute parte, uztailaren 1etik 29ra bitarteko zazpi eguneko txandetan. Zehazki, Gipuzkoan 684 plaza daude, Araban 815 eta Bizkaian 822.

Kanpainaren barruan egindako jardueren eskaintza zabala eta askotarikoa da: baserri-eskoletan egiten diren ingurumen arloko jarduerak; piraguismoa, mendi-ibiliak edo bela bezalako kirol-jarduerak; eta jolas-jarduerak; jolasak, txangoak eta tailerrak. Hizkuntzari dagokionez, kanpainak euskarazko txandak eskaintzen ditu, 2.147 plazarekin, eta txanda elebidunak, 174 plazarekin.

Lurralde historiko bakoitzak Udalekuak 2021 kanpainaren esku jar-tzen dituen instalazioak honakoak dira: Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Irrisarriland eta zehaztu gabe dagoen seigarren bat Gipuzkoan; Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo Araban, eta Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Meakaur eta Bertiz Bizkaian.

Kuotak hiru foru-aldundiek adostu dituzte, eta 130 euroko kuota orokorra ezarri dute. Honako hauek dira prezioak jasotzen dituen zerbi-tzuak: ostatua, gosaria, bazkaria, merienda eta afaria, dinamizazio-zerbitzua, istripu-asegurua eta erantzukizun zibila, eta joan-etorriko garraioa irteera puntutik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).

Zozketarako izen-emateak Gipuzkoan apirilaren 13tik 20ra egingo dira, eta zozketa apirilaren 27an. Araban martxoaren 22tik martxoaren 31ra, eta zozketa apirilaren 14an egingo da; eta Bizkaian, martxoaren 18tik 29ra, eta zozketa apirilaren 27an. Gehienez ere hiru parte-hartzaileko taldeetan egin ahal izango dira izen-emateak.

Hona hemen kanpainaren webguneak: www.gipuzkoa.eus/udalekuak Gipuzkoan, https://gazteria.araba.eus Araban eta www.bizkaia.eus/udalekuak Bizkaian.

Ana del Val Arabako foru diputatua gurasoei zuzendu zitzaien Udalekuak “seguruak” direla azpimarratzeko, eta jarduera guztietan “beharrezko segurtasun neurriak” hartuko dituztela eta “profesional kualifikatuen tutoretza” izango dutela azpimarratu zuen.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak gogorarazi zuenez, “Gipuzkoako aterpetxeak Udalekuekin itzuliko dira, covidaren aurkako borrokan egindako ahaleginaren parte izan ostean”, eta zehaztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak plaza gehiago eskaintzen dituela udal aterpetxeetan edo ekimen pribatuko aterpetxeetan.

Gainera, Gipuzkoako Gazte Oporraldiak programak 347 plaza gehiago eskaintzen ditu 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.

Gipuzkoa. Izen-ematea apirilaren 13tik 20ra egin ahal izango da eta zozketa apirilaren 27an egingo dute.

Araba. Izen-ematea martxoaren 22tik 31era egingo da eta zozketa apirilaren 14an izango da.

Bizkaia. Izen-ematea martxoaren 18tik 29ra egingo da eta zozketa apirilaren 27an izango da.