Azpeitiko Enkarguk proiektuakEnkarguk Gipuzkoako landa garapen elkarteen federiazioaren Landaola saria jaso berri du. Azpeitiarrek euren enkarguen zerrenda WhatsApp bidez bidaltzen dute 688818777 zenbakira, eta ondoren, etxera, herriko Azoka Plazan jarri duten kontsignara edo lantokira eramaten dizkiete kutxa handi batzuk dituzten trizikloen bidez. Enkarguk urrian jarri zuten martxan eta gaur egun arte, 400 pertsona inguruk probatu dute zerbitzua. Eta probatzen dutenek errepikatu egiten omen dute gainera: horixe kontatu dio egunkari honi proiektu berritzaile honen kudeatzaileak, Usoa Etxeberriak.

Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Elkartetik sortu zen egitasmo hau garatzeko ideia. Martxan jartzeko Urkomerekin, Urola Kostako landa eremuen alde lan egiten duen elkartearekin, jarri ziren harremanetan eta lanketak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza batekin eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin jarri zuten abian iazko urrian.

"Hasieran proiektu pilotu gisa aurkeztu genuen herrian eta 16 saltokik eta azokako 12 ekoizlek hartu zuten parte", azaldu du Etxeberriak. 2021era arte proba gisa erabili zuten ekimena eta ondo funtzionatzen zuela ikusi zutenean, herriko saltoki guztietara zabaldu zuten. "Elikadurarekin hasi ginen, eta orain elikaduratik kanpo dauden beste hainbat saltoki ere biltzen ditu Enkargukek. Alde batetik, elikadura eta zaintza bereizten ditugu eta horiek zuzenean kudeatzen ditugu. Eta gainontzeko saltokiekin banaketa zerbitzua bakarrik eskaintzen dugu, salmenta ez dugu guk kudeatzen", adierazi du Etxeberriak.

Gero eta saltoki gehiago ari dira Enkarguk proiektura gerturatzen eta une honetan, zuzenean kudeatzen dituzten 25 saltoki eta azokako ekoizle (elikadura eta zaintzari lotutakoak) eta arlo horietakoak ez diren beste 90 denda biltzen ditu ekimenak. "Saltokietara joan, proiektua azaldu eta parte hartu nahi al duten galtzeko prozesu horretan gaude oraindik", nabarmendu du.

Funtzionamendua

WhatsApp bidezko mezu bat bidali edo telefonoz deitu behar da erosketak etxean jaso ahal izateko. "Zein saltokitako produktuak nahi dituzun aukeratu eta zerrenda bidali behar diguzu, dendariari eskatuko bazenio bezala idatzita. Guk enkarguak hartu eta mandatua saltokikoari bidaltzen diogu, eta jarraian beraiek kontua bidaltzen digute. Banatzaileak enkargu guztiak jasotzen ditu eta gero banaketa egiten hasten da", azaldu du.

Lan guztia Etxeberriaren eta Bingen Olanoren artean egiten dute; kudeaketa egiten du lehenengoak, eta banaketa, aldiz, bigarrenak. "Baina kooperazio proiektu bat da eta elkarlanean egiten da Azpeitiko Bertan Merkatarien Elkarteko teknikariarekin, Dendarteanekoarekin eta baita Urkomeko langileekin ere", nabarmendu du.

WhatsAppa aukeratu dute erosketak egiteko plataforma gisa, erosotasunagatik batez ere. "Irailean saltokiei eta herritarrei inkestak egiten hasi ginen eta ikusi genuen egokiena WhatsAppa erabiltzea zela. Teknologia berrietan mundu guztiak instalatuta daukan zerbait da eta adin guztietako pertsonek erabiltzen dute", azaldu du.

Enpresa txikien beharrak asetzeko sortu duten Whatsapp Business erabiltzen dute eta horren bidez, saltokietako katalogoak jartzen dituzte bezeroek produktuak aukeratu ahal izateko. "Egia da oraindik saltoki guztiek ez dutela beraien katalogoa egin, baina poliki-poliki ari dira produktuak sartzen", aitortu du. Baina herriko merkataritza denez eta erosten dutenak azpeitiarrak direnez, gutxi gorabehera guztiek ezagutzen omen dituzte saltoki bakoitzean dituzten produktuak, eta alde horretatik, ez dagoela arazo handirik nabarmendu du.

Produktuak aukeratu, zerrenda bidali eta dendek eskaria prestatu ostean, banaketa bi modutara egiten da. Alde batetik, bi triziklo dituzte Olanok etxeetara produktuak eramateko. "Horietako bat txikia da eta bestea handia. Kutxak duen edukiera desberdina da bietan", esan du.

Eta bestalde, Azoka Plazan jarri duten kontsigna erabiltzen dute. "Herri osoarentzat egiten dugu lan, baina triziklo hauek ez dute autonomia handirik eta ezin izaten dugu auzoetara eta baserrietara trizikloetan iritsi. Beraz, leku horietan bizi direnen produktuak plazako kontsignan gordetzen ditugu gero beraiek bila joateko", azaldu du. Kontsignako leihatila batzuk hozkailu gisa funtzionatzen dute, haragia eta arraina gorde ahal izateko. Erabiltzaileei kode bat ematen diete kontsignako kutxak ireki ahal izateko.

Erabiltzaileak

Nahiz eta zehazki ez dakiten zenbat erabiltzaile dituen Enkargukek, WhatsAppeko difusio taldean izena emanda dutenak 200 inguru dira. Hala ere, urritik gaur egun arte 400 pertsona inguruk probatu omen dute: "Eta egia da probatu dutenek berriro erabiltzen dutela. Ez badute berriro erabili, konfinatuta egon direnean erabili dutelako izan da, edo erdigunean bizi direlako eta erosketa beraiek egiten dutelako bestela".

Erabiltzaile gehienak 30-50 urte bitartekoak dira, baina elikadurarekin lotutako erosketak egiteko adineko jendeak ere deitzen omen du. "Gaur egun, erosotasunagatik saltoki handietara joaten dira pertsona asko eta horrelako zerbitzuekin herriko merkataritza sustatzen laguntzen dugu", azpimarratu du.

Eta gogobetetze maila oso altua omen da. "Enkargu zerbitzua erabiltzen duten lehendabiziko aldian inkesta bat pasatzen diegu eta %95ak zerbitzua oso ondo baloratzen du. Eta berriro erabiliko al luketen galdetzen diegunean, %100ak baietz erantzuten du", nabarmendu du.

Gainera, beste herri batzuentzako erreferenteak omen dira, dagoeneko hainbat tokitako jendeak interesa agertu baitu Enkarguk ekimenagatik.