- Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarra izapidetzen ari den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen erreforma, besteak beste, indarkeria matxistaren ondorioz umezurtzak diren seme-alabentzako eta aurreikusitako kalte-ordainak jaso ez dituzten biktimentzako laguntza berriak jasoko dituena.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak, berak eskatuta, agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordearen aurrean, aipatutako lege horren bigarren aldaketaren lege-proiektua aurkezteko.

Egungo Berdintasunerako Legea aldatzeko proiektua 2020ko urtarrilaren 28an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, baina legea ez zen argitaratu, legegintzaldiaren amaiera aurreratua zela eta. Hori horrela, Jaurlari-tzak proiektua berriro onartu behar izan zuen azaroaren 17ko Gobernu Kontseiluan.

Artolazabalek nabarmendu zuenez, nahiz eta Euskadik aurrera egin berdintasunaren alorrean, erreforma honekin "bide horretan jarraitu" nahi dute. "Etorkizunari begiratzen diogulako eta belaunaldi berrientzako etorkizun hobea, berdinzaleagoa nahi dugulako", adierazi zuen.

Sailburuak eskerrak eman zizkien talde parlamentarioei, "indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin aukera-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta bermatzeko" erakutsi duten "borondate politikoagatik", hori baita "legearen helburu nagusietako bat".

Lege-proiektuaren berrikuntzen artean, genero-arrazoiengatik indarkeriazko jokabideak lehen pertsonan jasaten dituzten emakume, nerabe eta neskez gain, legeak berariaz jotzen ditu indarkeria matxistaren biktimatzat haurrak, nerabeak eta indarkeria hori gauzatzen den ingurune batean bizi diren mendeko bestelako pertsonak ere. Ildo horri jarraituz, indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz dauden seme-alabentzako laguntza berri bat sortu du arau honek.

Gainera, arau berriarekin, biktimei erreparazioa emateko eskubidea aitortzea ahalbidetzen da; izan ere, besteak beste eta aitzindari izanik, Eusko Jaurlaritzaren laguntza aurreikusten baitu, judizialki ezarritako kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetarako. Oro har, duela hamabost urte onartutako egungo legearen aldaketak, zabaldu egiten du emakumeen aurkako indarkeria matxistaren mota guztietako biktimei arreta eskaintzeko sistema.