Erraustegia "baimen guztiekin" funtzionatzen ari dela dio Asensiok

Urtarrileko suteak inolako kalterik ez zuela eragin berretsi du Ingurumeneko foru diputatuak

18.02.2021 | 23:59

donostia – Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak atzo esan zuenez, Zubietako hondakinen zentroko sail "guztiek", erraustegiak barne, funtzionatzeko ezinbesteko baimen "guztiak" dituzte, eta "uneoro" izan omen dituzte, probak egiterako orduan eta zerbitzuan hasteko prozesuan.

"Ozenago esan nezake, baina ez argiago", adierazi zuen Batzar Nagusietan diputatuak, ezinbesteko baimen horiek lortzeko egutegia zehaztu zuenean.

Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren (Pigrug 2019-2030) betetze-mailaren berri emateko batzordean bere ekimen propioz egindako agerraldian eman zituen azalpenak. EH Bilduk eta Elkarrekin taldeak ere eskatu zuten agerraldia, "erraustegiko azken gertakaria" argitu zezan, eta Zubietako zaborrak tratatzeko gunearen "funtzionamendu-egoera" azaltzeko.

Asensiok ziurtatu zuenez, erraustegiaren "izapide administratiboak", Ingurumen Baimen Integratua eta Jarduera Lizentzia, 2020ko ekainean eta 2018ko abuztuan lortu ziren, hurrenez hurren; beraz, jada "indarrean" zituen, probaldiaren ondoren, "jardueren hasierari" ekin zitzaionean, aurreko abenduaren 10ean.

"Beste kontu bat dira sektoreko hainbat baimen mota", gaineratu zuen diputatu sozialistak, erraustegiarekin batera energia sortzeko instalazioarekin izandako gorabehera batzuk azaltzerakoan. Argitu zuenez, "behin-behineko transformadore bat" instalatu zuten lehendabizi, eta horrek ere "industriaren behin-behineko baimena" izan zuen; ondoren etorri zen "behin betiko martxan jar-tzeko akta", 2021eko otsailaren 1eko data duena.

Beraz, "energia elektrikoa sor-tzeko eta sarera isurtzeko baimen guztiak ditu" eta "egiteko dagoen izapide bakarra energia horren kobratzearen ingurukoa da", emakidadunak jasoko duena.

Ingurumen diputatuak nabarmendu zuen ez dela Gipuzkoan, hondakinen erraustegia baino "azpiegitura judizializatuagorik eraiki". Ondoren gogora ekarri nahi izan zuen, hainbat instantziatako auzitegiek hogei bat aldiz eman dituztela egindako kudeaketaren aldeko epaiak.

Aurreko urtarrilaren 12an izandako suteari buruzko azalpenak ere eskaini zituen, "aurreikusitako protokoloak bete ziren, eta suhiltzaileek ez zuten esku hartu beharrik izan", gainera sugarrek ez omen zuten "kalte materialik, ez pertsonalik, ez ingurugirokorik" eragin.

Asensiok EH Bilduri leporatu zion, hondakinak kudeatzeko zerbitzu publikoa zatiketarako eta liskar politikorako arrazoitzat erabiltzea, 2011-2015 legegintzaldian Foru Gobernua izan zueneko "gaitasun eza eta gardentasun falta estaltzeko". Eta, bide batez, Gipuzkoako Hondakinen Par-tzuergoko "langileak eta funtzionarioak jasaten ari diren presioak" salatu zituen.

EH Blduko Ainhoa Intxaurrandietak, berriz ere "galdera asko airean" utzi izana eta baimen sektorialen inguruko guztia "zehaztu ez izana" leporatu zion diputatuari; eta erraustegiko labeek "homologazioa egiaztatu gabe izan arren, erretzen" jarrai-tzen dutela salatu zuen.

Elkarrekin taldeko Maria Valientek Zubietako azpiegitura martxan aritzea kritikatu zuen, "atzemandako akatsak eta gabeziak gorabehera", eta funtzionamenduan izate horrek inguruko biztanleengan "kezka eta beldurra" eragiten duela gaineratu zuen.

Juan Carlos Cano PPko prokuradorearen ustez, oposizioko alderdien lanak ez luke "kaosaren zerbitzura" egon behar, ezta "iraganeko politikak estaltzeko eta gertaerek eusten ez duten diskurtsoarekin alarma sortzeko" ere.

"Labeen homologazioa egiaztatu gabe egon arren, erretzen jarraitzen dute"

ainhoa intxaurrandieta

EH Bildu

"Instalazioak energia elektrikoa sortzeko eta sareratzeko baimen guztiak ditu"

JOSÉ IGNACIO ASENSIO

Ingurumeneko foru diputatua