- Pertsonen eta merkantzien joan-etorrien irudi "zehatzagoa" lortzeko helburuz, lehenengo aldiz mugikorretako informazioa aztertuko duen Mugikortasun Ikerketa berri bat garatuko du Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Euskadin.

Iñaki Arriola buru duen sailak atzo komunikatu baten bidez azaldu zuenaren arabera, biztanleriaren mugikortasunaren eboluzioa modu eguneratuan ezagutzeko aukera emango du ikerketak eta horrela, bidaiarien beharretara egokitzen diren garraio publikoko zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte.

400.000 euroko aurrekontua duen txosten honek 2016an eginikoa eguneratuko du eta horretarako, betiko bitartekoez gain (telefono bidezko edo aurrez aurreko inkestak eta garraiobide publiko eta pribatuko erabiltzaileen informazioa) mugikorren bidez lortutako joan-etorrien datuak ere erabiliko dituzte.

Anonimoak izango diren datu horien erabilerak eta lortutako informazioa gizarte osora estrapolatzeak ikerketari "aurrerapauso kualitatiboa" eskainiko diola uste du Garraio Sailak eta baita "errealitatearen irudi leialagoa" emango duela ere.

Ikerketa egiteko prozesuari dagokionez, lehendabizi Big Dataren algoritmoak, galdetegiak eta inkestak egiteko modua prestatuko dituzte. Ondoren, mugikorretako datuak eskuratu eta Big Data algoritmoak aplikatuko dira, inkesta pertsonalak egin eta trafikoari eta operadoreei buruzko datuak biltzeaz gain.

Informazio sorta horrekin, jatorri-helmuga fluxu nagusiak islatuko dituen mugikortasunerako eredu makroskopiko bat egingo da, eta, ondoren, Euskadiko Mugikortasunaren Azterlana. 2021. urtea eta Euskadiko garraio-eskariaren irudi orokorra. 2021. urtea txostenak egingo dituzte. Jatorri-helmuga matrizeak Garraioaren Behatokiaren web orrian eskainiko dira udalerri mailan, eta modu interaktiboan ikusiko dira.

400.000 euroko aurrekontua duen txosten honek 2016an Garraio Sailak egin zuena eguneratuko du, bitarteko zaharrak eta berriak uztartuz