- Getariako Txakolinaren jatorri-deituraren azken uzta "apartekoa" izan da kalitateari eta kantitateari dagokienean eta 2019ko datuekin alderatuta %30 handiagoa. Hala ere, salmentak %15 murriztu dira 2020an eta ekoizleak "kezkatuta" agertu dira 2021ari begira, pandemiak iazko uztaren merkaturatzean ekar ditzakeen ondorioengatik.

2020an 4.353.000 kilo mahats bildu ziren, 2019an baino %30 gehiago, eta horiekin, hiru milioi litro txakolin egin; gutxi gorabehera 3.900.000 botila ardo "biribil eta oso orekatua, 11,5 eta 12 gradu artekoa".

Getariako Txakolinak ohar baten bidez eman du datu horien berri, igande honetan San Anton eguna ospatu atarian. Izan ere, tradizioz urteko uzta orduan aurkeztu izan baita; aurten, ezinbestean, Getariako Balenciaga Museoan edukiera mugatuko ekitaldi batean egingo da.

Era berean, iazko merkaturatzea "zaila" izan zela azpimarratu zuten Horeca kanala ixtearen ondorioz (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak); izan ere, hainbat upategik ekoizpenaren %100 bide horretatik saltzen baitzuen.

Jatorri-deiturako iturriek azaldu zutenez, "arazorik larriena" 2021ean etorriko da, 2020ko uztari irteera emateko orduan, kantitatez eta kalitatez "bikaina" izan delako: "Esportazioak nahiko geldirik daude".

2019-2020 kanpainan 423.000 litro esportatu ziren, ekoizpenaren %15, "aurreko denboraldiaren ia kopuru bera"; nagusiki Estatu Batuetara, atzerrira egindako salmenten %50 hara joaten baita, eta ondoren datoz Frantzia eta Japonia. Europa iparraldeko herrialdeetara ere gero eta gehiago saltzen omen da.

2020ko Mahasti Jaun izendapena Osakidetzari egokitu zaio COVID-19ak eragindako pandemiaren aurka egindako lanagatik eta aurtengo mahats-bilketa "korapilatsuan" eskainitako laguntzagatik. Izan ere, mahastizaintza eta ardogintza sektorearen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Nekazaritza Sailen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker, 740 PCR egin ahal izan baitziren upeltegiko langile finkoen eta sasoikako langileen artean.

Jatorri-deituratik azaldu zutenez, mahats-bilketan ez zen "kutsatze arazorik egon". Eusko Jaurlaritzak maskarak banatu zituen langileen artean, eta upategiko nagusiek zein mahastizainek neurri zorrotzak hartu zituzten sasoikako langile-taldeak bereizteko; gainera, besteak beste, langile bakoitzari guraize eta ur-botila propioak eman zitzaizkien.

Mahats bilketa garaian 740 PCR egin zizkieten upeltegietako langileei eta sasoikako langileei eta ez zen kutsatze arazorik egon