- Arnasgune hizkuntzaren ezagutza eta erabilera %80tik gorakoa duten udalerriei deitzen zaie, eta Euskal Herriko herrien %75 inguru dira. 88 udalerrik osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) Hego Euskal Herriko. Guztiak euskaldunak izanik, horietako batzuetan euskara naturalki bizi da, euskaldun kopurua handia delako.

"Euskararentzat berebiziko garrantzia dute arnasguneek. Euskarak arnasa hartzeko eremuak dira eta hizkuntzak bizirauteko ezinbestekoak", azaldu dio egunkari honi Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak. Gipuzkoa da mankomunitateko herri gehien biltzen dituen lurraldea, 88tik 45 bertakoak baitira. Aipagarria da lurraldeetako hiriburuak ez direla mankomunitateko kide eta UEMAko herririk jendetsuena, 23.360 biztanlerekin, Zarautz dela.

1991ean 17 udalek sortu zuten mankomunitatea eta ordutik hizkuntza politika "aurrerakoiak" bultzatu izan ditu, erakunde publikoen elebitasun politikak "ez dielako erantzuten herri horietako errealitate soziolinguistikoari". Hala ere, Lazkanoren arabera, arnasguneak diren herrietan euskararen ezagutza mailak "behera" egin du azken urteotan, eta erabilerarekin ere "gero eta kezkatuago" agertzen omen dira mankomunitateko herri gehienak. "Izan ere, soziolinguistikoki oso hauskorrak dira arnasguneak eta aldaketa txikiek ere eragin handiak ekar ditzakete. Horregatik, guretzat benetan da garrantzitsua UEMAk aspalditik aldarrikatutakoa, azken urteotan, euskalgintzak ez ezik, bateko eta besteko erakunde publikoek ere aitortu izana", nabarmendu du Lazkanok.

Euskara biziberritzeko erakunde publikoek arnasguneak babestea eta garatzea "giltzarritzat" hartu izana ere positiboki baloratzen du mankomunitateko lehendakariak. Euskararen garapena sustatzeko hizkuntza politikari dagokionez, "aurrerapausoak" egin omen dira azken urteotan. Mankomunitateko lehendakari izateaz gain Elgetako alkatea ere bada, eta honakoa aipatu du Lazkanok: "Udalok tresna gehiago dugu eskura, egiten ditugun politiketan hizkuntzaren ikuspegia ere txerta-tzeko. Esate baterako, eragin linguistikoaren ebaluazioa egin beharra, garatzen diren proiektuek hizkun-tza paisaian duten eragina neur-tzeko".

Gaur egun mankomunitatea arnasguneen garapen jasangarriaren bila dabil arlo guztietan: hirigintzan, ekonomian, turismoan, kulturan, zerbi-tzuetan edota demografian. "Hizkuntzak bizirauteko giltzarrietako bat izanda, arnasguneen biziraupena ezinbestekoa da. Garatu ezean, herri hauek desagertzeko edo erdalduntzeko arriskuan egon daitezke", azaldu du.

Esparru horietan euskararen erabilera sendotzeko eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko jardunaldiak antolatzen dituzte elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk. Aurtengoa V. topaketa izango da eta Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz izenburupean egingo da Donostiako San Telmo Museoan urtarrilaren 23an.

"Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek uzta oparoa eman izan digute. Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorreko oinarriak jarri genituen mahai gainean, eta oraingoan horiek nola abiarazi zehazten ahaleginduko gara. Behin zergatik eta zer egin behar dugun zehaztu ondoren, nola egingo dugun erabakitzeko jardunaldia da aurtengoa", azaldu du Lazkanok.

Aduna.

Aizarnazabal.

Alegia.

Alkiza.

Altzaga.

Altzo.

Amezketa.

Anoeta.

Antzuola.

Arama.

Ataun.

Azpeitia.

Baliarrain.

Beizama.

Berastegi.

Bergara.

Deba.

Elgeta.

Errezil.

Ezkio Itsaso.

Gabiria.

Gaintza.

Gaztelu.

Getaria.

Ikaztegieta.

Irura.

Itsasondo.

Leaburu-Txarama.

Legorreta.

Lizartza.

Mendaro.

Mutriku.

Oiartzun.

Oñati.

Orendain.

Orexa.

Orio.

Segura.

Tolosa.

Usurbil.

Zaldibia.

Zarautz.

Zerain.

Zestoa.

Zumaia.

Mankomunitatea osatzen duten 88 udalerritik 45 Gipuzkoan kokatzen dira eta Zarautz da UEMAko herririk jendetsuena