- Jokin Gijarro (Zumaia, 1987) eta Ibon Oregi (Markina-Xemein, 1977) kirolariak eta lagunak dira. Oregi Zumaiako Herri Eskolan gorputz hezkuntzako irakaslea izateaz gain, triatleta da eta Hawaiiko Ironmaneko Munduko Txapelketarako sailkatu zen 2014an. Gijarrok, aldiz, Zumaiako Gaindituz fisioterapia zentroan egiten du lan. Egun hartan, ustekabean, auto batek harrapatu zituen Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidean eta Gijarro larriki zauritu zen. Oregik, aldiz, hanka bat galdu zuen istripuaren ondorioz. Hasieran gertatu zenaz jabetu ez baziren ere, Oregik hanka galdu zuela jakiterakoan bizirik jarraitzeko modua bilatzen hasi ziren eta errepidean zebilen gidari gazte batek lagundu zien horretan. Ospitalean bost egun eman zituen Gijarrok, eta hilabete Oregik. Handik irteterakoan, harrapatu zituen pertsonarekin geratu ziren egoera konpontzeko eta aurrera jarraitzeko. Gaur egun, errehabilitazioa egiten ari dira biak eta Oregi protesia probatzen hasia da dagoeneko. Egun hartan bizitza aldatu zitzaien eta orain, aurrera egiteko bidea aurkitzen saiatzen dira etengabe. Urriaren 1ean gertatu zenari buruzko xehetasunak azaldu dizkiote biek egunkari honi.

Zer moduz zaudete?

-Jokin Gijarro: Ni ondo. Ia 100%ean errekuperatuta nago eta beraz, egia esan, ondo sentitzen naiz. Ez dut arazo fisikorik eta gustura nago.

-Ibon Oregi: Niretzat ez da erraza bizi dudan egoera. Ondo nago, baina gorabeherak dauzkat. Ospitaletik irten ondoren emozionalki ondo sentitzen nintzen, baina orain estankatzeko fase horretan nagoela uste dut. Kanpoko gauzak ezagutzen ditut dagoeneko eta dena hobetzen doa, baina protesia probatzen hasi naiz eta ez da batere erraza. Egunak eta egoerak ditut, eta frustrazio dezente sentitzen dut. Egunerokotasunean muga batzuk gainditu ditut, baina hortik aurrera hobetzea zaila da.

Nolakoa izan zen istripuaren eguna?

-I.O: Ni surf egiteko asmoz atera nin-tzen etxetik, baina itsasoaren egoera ez zen ona eta Jokini deitu nion elkarrekin korrika egitera joateko. Astero geratzen ginen lekuan geratu ginen eta korrika hasi ginen, normal. Zumaia eta Getaria artean hitz egiten gindoazen eta bat-bateko gauza izan zen.

Ez zenuten autoa ikusi.

-I.O: Ez genuen ezer ikusi eta ezta en-tzun ere. Korrikan aritzetik ustekabean airean aurkitu eta lurrera erori ginen. Une horretan bizitza aldatu zi-tzaigun. Ametsetan geundela pentsa-tzen genuen.

-J.G: Lurrean geunden biok eta ez genekien zer gertatu zen. Ibonek zer moduz nengoen galdetu zidan eta nik besoetan mina neukala eta hankak ez nituela sentitzen esan nion. Berak erantzun zidan ondo zegoela, baina gero benetako egoera zein zen ikusten hasi ginen.

-I.O: Nik ez nuen minik hankan. Lurrean pegatuta neukan eta zati bat falta zitzaidan. Hanka altsatu eta ikusi nuenean, orduan hasi ginen larri-tzen. Pentsatzen nuen odolustuta hilko nintzela zelai hartan eta Jokini zerbait egin behar genuela esan nion. Bizirautea bilatzen nuen eta lorik ez hartzea, bestela hil egingo bainintzen. Bizitzea zen helburu bakarra.

Nola lortu zenuten bizirautea?

-J.G: Zorionez, errepidean pertsona gazte bat tokatu zitzaigun. Hark deitu zion anbulantziari eta trafikoa geratu zuen. Iboni torniketea egiten lagundu zion eta ertzainak etorri arte gurekin egon zen.

Zenbat denbora egon zineten ospitalean?

-J.G: Ni bost egun: bi egun ZIUn eta beste hiru plantan. Bertako esperien-tzia ona izan zen. ZIUn primeran zaindu gintuzten eta zorionez, covidaren arazoa nahiko lasai zegoen.

-I.O: Ni hilabete egon nintzen eta ZIU-ko lehenengo hiru egunez ez naiz oroitzen, oso medikatuta bainengoen. Suspertze plantan beste bi egun eman nituen eta astebete planta baskularrean. Hamabosgarren egunerako errehabilitazio plantara pasa ninduten eta oso ondo zainduta egon naiz. Botikena beste gauza bat izan da. 20 egun morfinarekin egon nintzen eta gauetan hori kentzeko eguneko dosia igo zidaten. Minik ez nuen sentitzen, baina morfina kentzea oso gogorra egin zait. Beste hamar egunetan gorputzak eskatu egiten zidan eta egunero botaka egiteko gogoa sentitzen nuen.

Ospitaletik irteterakoan autoarekin harrapatu zintuzten pertsonarekin geratu zineten.

-J.G: Ospitalean elkar ikusi genuenean pentsatu genuen emakume horrekin hitz egin behar genuela, ez genekielako zer pasa zitzaion istripua izateko. Pentsatu genuen hari errua botatzea alferrikakoa zela, baina mugikorrarekin ote zihoan edo arrazoia zein zen jakin nahi genuen.

-I.O: Batez ere, gure asegururako edo gure indemnizazioa nolakoa izango zen jakiteko. Entzunda geneukan emakume hori Zarautzen bizi zela eta oso gaizki pasatzen ari zela. Beraz, pentsatu genuen bera gaizki bazegoen egokiena berarekin egon eta bera lasaitzea zela. Ezin genuen ezer gehiago egin, guztia berari aurpegiratzea alferrik da. Gauza natural bat izan zen gure ustez, eta ez genuen asko pentsatu. Batzuei oso gogorra irudituko zaie, baina ni gogoratzen naiz istripua gertatu zenean emakumea histerikoki ari zela negarrez. Ez zen ondo pasatzen ari eta beraz, atera zitzaigun moduan eraman dugu aurrera.

Zer moduz daramazue errehabilitazioa?

-J.G: Ondo, lehen egunero egiten nuen eta orain astean hiru aldiz ari naiz egiten dagoeneko hobeto nagoelako. Azkenengo mugimenduak hartzea falta zait eta indarra pixka bat lan-tzea.

-I.O: Nik astean bost aldiz egiten dut errehabilitazioa: hirutan Zumaiako Gaindituz zentroan eta bitan Donostiako Ospitalean. Protesia eduki arte beste hanka zaintzen aritu naiz eta orain protesia probatzen hasi naiz.

Orain protesia erabiltzera ohitu beharko zara.

-I.O: Bai, aldaketa handiak sumatzen ditut gorputzean. Muinoia txikitzen doa astetik astera eta protesia egiten dizutenetik ekartzen dutenera arte muinoia txikitu egiten da eta ez du hutsunea ondo betetzen. Beraz, hanka arrastaka daramat eta prozesua oso luzea da. Hiru aste daramatzat pentsatzen protesi egoki bat edukiko dudala eta ez dugu lortzen. Zaila da, baina helduko da nire tamainako protesia aurkituko dugun eguna. Positiboki pentsatu behar da, bestela jai dago.

Zer botatzen duzue gehien faltan lehengo bizitzatik?

-I.O: Nik normaltasuna. Muleta gabe bizitzea eta nahi duzuna egitea. Orain ezin dut nahi dudana egin, lortzen ahalegintzen naiz, baina ez da berdina. Nik benetan esaten dut osasuna ez dela diruarekin ordaintzen.

-J.G: Ni hasi naiz berriro korrika egiten eta bizikletan ibiltzen. Nire kasuan arazo fisikoak baino gehiago dira buruko mamuak errepidera irteterakoan. Pixkanaka joango naiz konfian-tza hartzen.

Zein izan da zuentzat sostengu handiena aurrera egiteko?

-I.O: Familia eta lagunak. Gainean egon dira denak eta egun bat bera ere ez dute huts egin. Emaztea eta gurasoak beti egon dira hor eta baita lagunak ere. Horiek izan dira niretzat zutabe nagusienak.

-J.G: Denak egon dira laguntzeko prest, bai kalera irteteko edo baita edozertarako ere. Horrez gain, niri ere laguntzen zidan Ibonek positiboki hartu duela ikusi eta aurrera doala jakiteak. Ikusiko banu hondoratuta zegoela ez litzateke berdina izango.

Ibon, zu itzuli zara berriro ere surf egitera.

-I.O: Bai, uretan sartzen ahalegintzen naiz itsasoak uzten didan bitartean. Taularen gainean etzanda egoten naiz, ez da lehen surfa zutik egiten nuenean bezala, baina urak askatasun puntu bat ematen dit. Semeekin sartzen naiz eta txikienari pila bat laguntzen dio, ni ez banago bera ez baita sartzen. Beste semea bakarrik sartzen da eta alaba ere noizean behin etortzen da gurekin. Taularen gainean etzanda gustura egoten naiz eta kanpoan kirola egiteko baino seguruago sentitzen naiz uretan.

Seme-alabei babes handia ematen diezu orduan.

-I.O: Txikienak bederatzi urte ditu eta nahi dut berak ni lehen nintzen bezalakoa naizela sentitzea. Ahalegin bat egiten dut bere aurrean lehengora hurbiltzeko eta batzuetan lortzen dut. Beraz, uretara sartzerakoan lortzen da lehen geneukan zirkulo estu hori berreskuratzea.

Gustatuko litzaizuke irakasle izatera itzultzea?

-I.O: Bai, gustatuko litzaidake. Errazagoa ikusten nuen protesia ekarri aurretik, baina orain ikusi egin behar da ea zenbat denbora behar dudan berriz ere oinez ibiltzeko eta ikasleen aurrera joateko prest egoteko. Ni oso irekia naiz eta inoiz ez dut eragozpen handirik izan alde horretatik, baina orain asko begiratzen nautela nabaritzen dut. Ikastetxe batera joatea 800 lagun begira dauzkazunean ez da erraza, beraz, pixkanaka prestatzen joango naiz.

Zer eskatuko zeniokete 2021ari?

-I.O: Ez diezagula horrelako susto handirik eman berriro eta osasuna, zalantzarik gabe. Nik lehen ere pentsatzen nuen osasuna zela garrantzitsuena, baina orain argiago ikusten dut. Osasuna eskatuko nuke norberarentzat eta ingurukoentzat, eta covida amaitu dadila aurretik ezagutu genuen bizitza lasaiago horretara itzultzeko.

-J.G: Bai, normaltasunera itzultzea eskatuko nuke eta ahal bada, berriro Ibonekin korrika egiten hastea. Osasuna baldin badugu egunen batean lortuko dugu. Normaltasunera bueltatzen hasten garenean iritsiko da horretarako garaia.