urtengo hitz erabilien inguruan aritu ginen solasean aurreko batean. Birus, COVID-19, txerto, konfinamendu eta horrelakoak atera genituen mahai gainera, baina pare bat aipatzea ahaztu zitzaizkigun, izan duten garrantzia txikia izan ez bada ere. Birtuala eta online.

Tokatu zaigun urte liluragarri honetan gauza asko eta asko bihurtu dira birtual. Hasiera batean, martxo partean edo, batzuei lana bilakatu zitzaigun online. Berandu baino lehen ikasi genuen sarean behar genuen guztia erosten, izan elikagai, izan arrabola edo izan hanburgesa eta pizza. Ikastaroak Internet bidez ematen hasi ziren, eskolak, bilerak, lagun arteko poteoak eta baita maitasun istorioak ere pantailen aurrean. Ez-maitasun istorioak ere izango ziren ziur, baina poetikoagoa geratzen da horrela esanda.

Zenbait gauza bertan behera utzi behar izan genituen, adibidez herri eta hirietako festak, nahiz eta baten batek errespetatu ez. Alde batera utzi ere jendearekin elkartze masibo horiek eta azpiratuak geratu ziren gure sudur, ezpain eta kokots polit horiek. Atzera utzi ditugu ere besarkadak, musuak eta elkarri eskua ematea, bizkarreko kolpe txiki hori eta baita koskorrekoren bat ere. Ez naiz bereziki elkar ukitu eta musukatzea gustatzen zaion horietakoa, baina faltan botatzen dut, batez ere nire burua eten behar izan dudanean behin baino gehiagotan pertsona ezagunekin topo egiterakoan. Badirudi bi muxu eman eta parekoa hiltzera kondenatu behar duzula instant berean.

Onartu behar izan ditugu bide beretik horrelako hainbat neurri profilaktiko, eta onartu beharko ditugu beste hainbat itxuraz, gabonak familia elkartze handietan ez egitearena adibidez. Ez zaigu gustatzen, ala agian batzuei bai, koinatu edo aitaginarreba aguantatzen ez dituelako. Irentsi behar izan ditugu erabakiok, beste erremediorik ezean, denon hobe beharrez izango dela uste dugulako.

Hala ere astebururo faltarik gabe erakusten digute nola irekitzen duten areto edo tabernaren bateko pertsiana, eta bertan dozenaka pertsona egoten diren ordu txikietan, erru sentimendu, edo aurpegiarekin behintzat. Aurpegia galanta, bai, baina erruki aurpegia esan nahi nuen. Hauek ez zuten ikusiko festa birtuala egiteko aukerarik nonbait, eta elkartzea erabaki. Etorriko zaie etorri isuna laster, eta ez da birtuala izango, baina ziur aski online ordain-tzeko aukera izango dute. Azkar ordaintzeagatik %50eko deskontua egiten dute gainera, eta gure protestak deusezten dira agudo, horrelako pagotxa aste honetako black friday-en ere aurkitzea kostako zaigu eta! Duintasunaren prostituzioa 50 euroren truke, esango luke baten batek. Irentsi eta ixildu, okerragoa izan zitekeen eta.

Hala ere, jendearengan oraindik esperantza guztiz galdu ez dudalako edo, gehienok txukun antzera ari garela esango nuke. Tranpatxoren bat ala beste eginda ere, artaldetik burua atera-tzen dugunaren sentsazioa bizitzearren sikiera, badirelako hainbat sentipen, ez online-k eta ez birtualek ekarriko ez dizkigutenak.