- Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, Begisare elkartea aukeratu dute 2020ko Gipuzkoako Boluntariotzaren Sarian irabazle, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen alde egindako lanagatik, bereziki, erretinosi pirgmentarioa gaitzaren inguruan, bai eta lan boluntarioarekiko konpromisoagatik ere.

Elkarteak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskutik jasoko du saria, Foru Jauregiko Tronu Aretoan abenduaren 4ean. Ekitaldia streaming bidez emango dute, izan ere, Covid-19a dela eta, bertaratutakoen kopurua "oso mugatua" izango baita.

Maite Peña Gizarte politiketako diputatuak azaldu duenez, Begisarek "23 urte daramatza lanean" ikusmen urria duten pertsonen eta, zehazki, erretinosi pigmentarioa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko; eta, aldi berean, elkarteko boluntarioekin kudeatzen eta gauzatzen ditu bere proiektuak, agerian utziz "hurkoari laguntzeko orduan ez dagoela oztoporik".

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko oftalmologia zerbitzua bezala ikerketen sustapenean bidelagun duten Biodonostia Institutuak aurkeztu zuen bere hautagaitza.

Begisarek, gainera, lan "oso garrantzitsua" egiten du gizartearen sentsibilizazioan, kaltetuei eta haien bizi-kalitatea hobetzen saiatzen diren profesionalei ikusgarritasuna emate aldera.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren 26. edizioak jarduera hori bultzatu nahi izan du, "lurralde gero eta solidarioagoa" eraikitzen lagunduz.