Herriko Murumendi mendian kokatuta dagoen damazulotik atera atzo Mari sorgina, eta eguerdiko 12.00etarako Zubimusu plazaraino gerturatu zen Euskaraldiari hasiera emateko asmoarekin, eta abenduaren 4a bitartean, Beasainen euskarak aginduko duela irudikatu zuten.

Ekimenak inor ez du albo batera uzten, eta aurkezpenean ere hala egin zuten, guztiak ekimenaren parte eginez. Udaleko hiru alderdietako ordezkariez eta Aittu euskara elkarteko kideez gain, Beasaingo beste hiru gizarte-talderen ordezkaritza ere izan zen: industria ordezkatuz Josu Imaz, CAF enpresako Ibilgailuen Negozioaren zuzendari orokorra; kultura arloaren ordezkaritza Kantujirako arduraduna den Karmelo Ezeizak egin zuen, eta herriko merkataritza kontuan izanda, ekitaldian parte hartu zuen Bakarne Lezetak, Beasaingo Bareak merkatari elkartearen zuzendariak. Horiez gain, hainbat herritarrek ere azaldu zuten babesa, eta Euskaraldiko parte diren adierazten duten txapak jantzita azaldu ziren plazara.

"Euskaraz egin, eta euskaraz eragin. Murumendiko damazulotik atera naiz gaur goizean, eta herria triste somatu dut. Horregatik, jarri zuen eskua bihotzean, mantendu distan-tzia soziala, eta tristura horren gainetik irribarreak eraiki, hori da eta gure euskara", azaldu zuen Marik, eskuan ttanttodun bandera zuela.

Hori esan eta segituan hurbildu zen Mari, Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatearengana. Hark aginte makila eman, eta Marik ttanttodun bandera eman zion. Elkartruke ederra, bertaratu zirenen irribarrea atera zuena. Hala, ordezkatu egin zen Zubizumu plazan ikusgai egoten den Euskal Herriko ikurriña, eta Euskaraldiak iraun bitartean ekimenaren bandera egongo da lau haizeetara ikusgai. "Euskaraldiari eman diogu hasiera. Euskarak herri bezala egiten gaitu, gure nortasunaren parte da. Garrantzitsua da guztiok euskaraz egitea", gehitu zuen alkateak, Euskaraldiko musukoa jantzita zuela.

herritar sarea

Aittu Euskara Elkarteko kideak gustura daude orain arte Euskaraldian lortutako emaitzekin, nahiz eta izen emateak zabalik jarraitzen duen. "Gure kasuan, Beasainen, Ariguneak Aittugune izena hartu dute, eta lagun-talde eta familiak ere euskaraz hitz egiteko gune bezala identifikatu ditugu. Herriko 100 familia, 17-27 urte bitarteko 20 gazte kuadrilla eta beste 20 gaztetxoenek ere izena eman dute aurtengo edizioan. Horiek guztiek 600 lagun baino gehiagoko sarea osatuko dute", nabarmendu zuen Patxi Saez, Aittuko kideak.

Horiez gain, 200 gizarte eta lan-erakundeak eman dute izena eta euskaraz aritzeko 1.182 gune sortu dira. Norbanakoei dagokionez, 2.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena ekimenean, eta Ahobizi eta Belarriprest izango dira abenduaren 4a bitartean.

Hasiera berezia izan du aurten Euskaraldiak Beasainen, ongi etorri goxoa egin zaio ekimenari. Datozen egunetan ere hala izatea espero da, eta herritar guztiei egiten zaie deia euskaraz hitz egiteko, eta euskaraz bizitzeko hautua egiteko.