- Ipar Euskal Herriko ekonomia gogor sufritzen ari da izurritearen eta urriaren 30etik indarrean den bigarren konfinamenduaren eraginez. Bertako ostatu eta jatetxeek ezin izanen dituzte ateak ireki urtarrilaren 15ra arte. Erabakia hilkorra izan litekela salatu du Emma Lahaye Angeluko ostalerrak. "Iduri luke piskanaka gure heriotza lortu nahi dutela", bota du lapurtarrak. Ipar Euskal Herriko 300 hotelen artean %10 baizik ez dago zabalik eta batzuek ateak betiko itxi beharko dituztela ez dute bazter-tzen.

Baiona eta Donibane Garazin protestak egin ondoan, saltoki txikietako jabeek elkarretaratzea eginen dute larunbatean Miarritzeko Clémenceau plazan 11.30. Haiek ere ezin dituzte ateak ireki, gutxienez abendoaren lehena arte. Frantziako gobernuak datorren astean erabakiko du noiz irekiko den hurbileko merkataritza. "Zer nahi gerta ere, guk egun horretan zabalduko ditugu gure enpresak. 35 eguneko bigarren konfinamendua ez dugu uler-tzen segurtasun neurriak beti errespetatu ditugulako. Saltoki haundiek lanean segitzen dute eta guk berdintasuna galdetzen dugu", dio Serge Istèque Miarritzeko merkatarien elkarteko buruak.

Frantziako gobernuak larru gorritan uzten dituela uste baitute, haiek berek beren burua biluztea nahiago dutela ohartarazi dute Iparraldeko saltzaile batzuek. Beren burua biluzik argazkitan hartu eta sarean hedatzen dute beren kezka plazara-tzeko. Izan ere, batzuek urteko salmenten erdia denboraldi honetan egin ohi dute

Miarritzeko aireportua hetsia da astearte eta larunbatean hegaldi bakar bat ere ez dagoelako egun horietan. Gainontzeko egunetan sei hegaldi besterik ez daude konfinamendu Garai honetan: lau Parisekin eta beste bi Bruselara joateko.

Kutsatzeen kopurua doi bat apaldu da azken egunetan Ipar Euskal Herria eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan. 100 000 biztanleko 280 kasu daude, 530 zirelarik duela zeinbat egun. Bertako ospitaleek 411 paziente artatzen dituzte, horietatik 22 suspertze zerbi-tzuan. Izurritea hasi zenetik 110 lagun hil dira, astero 20 inguru azken asteetan. Zuberoa eta Baxenabarreko egoera larritzen ari dela ohartarazi dute hango mediku eta erizainek, batzuetan, proba lasterrak egiten dituztenen bostetik edo lautik batek positibo ematen du eta.