- Gazteek zientzia eta teknologiarekin lotutako profesioak eredu izateko asmoz, liburuxka-bilduma bat argitaratu du Elhuyarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gazteen artean zien-tzia eta teknologia sustatzea du helburu hiru liburuxkaz osatutako bilduma horrek, eta Euskal Herriko alor horietako hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesionalen arteko lanketaren emaitza da.

Foru jauregian egin zuten atzo proiektuaren aurkezpena, eta bertan izan ziren Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua; Jon Abril, Elhuyarreko zuzendari nagusia, eta Aitziber Lasa, Elhuyar Steam -Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics- hezkuntzako arduraduna eta proiektuaren gidaria.

Talentua eta ikaskuntza bultza-tzeko Aldundiaren dirulaguntza deialdian aukeratutako proiektua da, eta Imanol Lasak azaldu zuenez, "Steam bokazioa indartzea" izan da apustu nagusietako bat. Eustaten arabera, Euskadin, lau urtean %16,6 ikasle gutxiago matrikulatu dira Steam ikasketetan. Errealitate hori nabarmenagoa da emakumezkoen kasuan, izan ere, ikasketa horiek aukeratzen dituztenen %9a baino ez baitira emakumeak Lanbide Heziketan; eta unibertsitatean, aldiz, %31.

Diputatuaren arabera, etorkizuneko lanpostuen %80an beharrezkoak izango dira Steam konpetentziak: "Digitalizazioak eskaintzen dizkigun erronkei aurre egin behar diegu, eta 4.0 talentua gaztetatik landu behar dugu".

Zientzia eta teknologiarekin lotutako lanbideei buruzko liburuxkak Pernan Goñiren ilustrazioekin eta azalpen-testuekin osatuta daude. "Gazteen etorkizunari begira, asmo profesionaletan zerk eragiten duen aurkezten da; baita gazteek zientzia eta teknologia-proiektuak egiteko tresnak, ideiak, azalpenak eta baliabideak ere", azaldu zuen Aitziber Lasak.

Liburu hauek irakasleentzat eta Steam profesionalentzat pentsatuta daude batez ere, gazteak "inspiratzeko". "Gazteen ibilbidean alboan izango dituzten profesionalei zuzenduta daude liburuak, etorkizunean burutu nahi dituzten ikasketetan gidatzeko", nabarmendu zuen Lasak.

Liburuxkak argitaratzeaz gain, Steam hezkuntzaren inguruko zabalkundea sarean ere abiaraziko du Elhuyarrek. Horretarako, aste honetatik aurrera, komiki-zintak argitaratuko dituzte sare sozialetan eta zientzia.eus webgunean. Horiez gain, alor honen inguruko albisteak, erreportajeak, adituei egindako elkarrizketak edota bideoak ere bilduko ditu webguneak.