- Atzerriko hizkuntza batekiko entzumenez eta irakurmenez ulertzeko erraztasun handiagoa dago mintzamenerako baino, hain zuzen ere, garunean ulermenerako hizketarako baino baliabide gehiago erabiltzen direlako. Hala dio Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak egindako ikerketa batek.

Ikerketaren ardatza izan da azter-tzea nola aldatzen diren burmuinaren funtzioak hainbat hizkuntza-lan egitean, hala nola irakurketa, mintzamena edo entzutea jatorrizko hizkuntzan, pertsona hori bera ikasten ari den atzerriko hizkuntza batekin alderatuta.

Ezkerreko hemisferioa "jatorrizko hizkuntzan hitz egiteko, irakurtzeko eta entzuteko giltzarria" dela demostratzea izan da "aurkikuntza nagusietako bat"; hala ere, heldutan hizkuntza bat ikastean, "baldintza hori hizkeran mantentzen da", baina irakurketarako eta entzumenerako "garuneko bi hemisferioen baliabideak erabiltzen dira", adierazi du Kshipra Gurunandan BCBLko ikertzaileak.

"Horrek azal dezake zergatik den zailagoa hizkuntza berri bat hitz egiten ikastea, oso maila altuan ulertzea baino. Garuneko baliabide gehiago erabiltzen dira ahozko eta idatzizko ulermenerako hizketarako baino ", argitu du.

Ikerketak erakusten duenez, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren lehen etapetan, hizkuntza-sistemek garun-eskualde bera aktibatzen dute (ezkerreko hemisferioa); baina, eskuratutako hizkuntza berriarekiko gaitasuna handitu ahala, aldaketak antzematen dira irakur-tzeko eta entzumenezko ulermenean, hizketarako garaian gerta-tzen ez direnak.

Ikerketari esker jakin dugunez, helduaroan hizkuntzak ikastea lotuta dago hizkuntza ulertzeko garaian burmuinak eraldatzeko duen gaitasunarekin, baina ez ekoizpenerako edo hizketarako orduan.

"Emaitza hauei esker, hobeto uler genezake hizkuntza garunean nola antolatzen den; baita istripu batek, traumatismo batek edo garun-eremu jakin bati eragiten dion gaixotasun batek, hizkuntza-sistemetan izan ditzakeen ondorioak hobeto konprenitzen ere, errekuperazioari begira", azaldu du Gurunandanek. The Journal of Neuroscience aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu den ikerketa honek 7 urte iraun ditu, eta bertan, 17 eta 60 urte bitarteko 50 boluntariok parte hartu dute.