COVID-19aren transmisioaz hitz egiterakoan, garraio publikoa sarritan izan da hizpide. Autobusak eta trenak leku itxiak dira, eta egunero jende askok erabiltzen dituenez, birusa zabaltzea ekiditeko haietan isilik bidaiatzea gomendatu du aste honetan Estatuko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak; neurri hori, segurtasuna indartzeko "oso faktore positibotzat" jo baitu Kontseiluak.

Gomendio hori argitaratu ondoren, Euskadiko Garraio Agintari-tzaren (EGA) Osoko Bilkurak bilera egin zuen ostegun goizean eta isilean bidaiatzeko gomendioa "garraio publikoko zerbitzuetan ezarri daitekeen neurri gehigarri" gisa identifikatu zuten batzartutako erakundeek. Horrez gain, erabiltzaileei garraio publikoan kutsatzeko "benetako arriskuari" buruzko informazioa emateko ekintzak areagotzea ere erabaki zuten. EGAren ustez, garraio publikoan kutsatzeko arriskua "oso txikia" omen da.

Isilik bidaiatzeko gomendioa bolo-bolo dabilen arren, Gipuzkoako garraio publikoan, oraingoz behintzat, ez dute horrelako neurririk hartuko. Lurraldebuseko iturriek atzo egunkari honi azaldu ziotenaren arabera, gomendio hori "pertsonentzat pentsatuta dago" eta enpresa gisa, oraingoz ez omen dute gomendio hori zabalduko, ezta autobusetan horren inguruko oharrik jarriko ere.

Dbusek ere ez du gomendio horren inguruko erabakirik hartu. "Hitz egin eta aztertu beharreko gaia da, baina oraingoz lehen bezala jarraituko dugu autobusetan", esan zuten Dbuseko iturriek.

Eta trenei dagokienez, Euskotrenek ere ez du momentuz albiste berririk. "Euskotrenek EGAren Osoko Bilkuran parte hartzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren eskutik jarraituko du zentzu horretan bultzatzen diren ekimenetan", azaldu zuten Euskotreneko zuzendaritzatik. Beraz, adierazitakoaren arabera, oraingoz ez omen dute ezer aldatuko.

EGAren Osoko Bilkurak egin zuen batzarrean, herritarrei "ahalik eta zerbitzurik zabalena" eskaintzen jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten eragile guztiek, batez ere puntako orduetan, eta sektorearen eskura dauden berme sanitario zorrotzenekin.

Horrez gain, euskal enpresa operadoreek COVID-19aren pandemian gizarte osoak egindako ahalegin garrantzitsuarekin bat egin dutela ere nabarmendu zuten. "Horretarako faktore giltzarri bat ere badago:erabiltzaile gehienen portaera arduratsua da, osasun-agintarien gomendioak zintzo jarraitzen ari baitira. Hori kontuan izanik, eta egindako txostenek erakusten dutenez, garraio publikoan kutsatzeko arriskua oso txikia da", azpimarratu zuten biltzarreko erakunde parte hartzaileek.Trenbideko eta tranbiako garraio-zerbitzuetan hartu dituzten neurri komunen artean, ahal den neurrian, trenen %100ean automatikoki ireki-tzeko sistemak jartzea, geltokietan segurtasuna indartzea eta txartel fisikoa ez erabiltzea daude. Autobus-zerbitzuei dagokionez, gidariak babesteko oholtzak jartzea eta bidaia-txartela esku-dirutan ordain-tzea mugatzea nabarmentzen dira, beste neurri batzuen artean.