- Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin zuen atzo Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, eta bertan Euskaltzaindiaren jarduna datozen lau urteetan gidatuko duen lantaldea aukeratu zuen.

Bozketa egin ondoren, hauxe erabaki zuten euskaltzainek: Andres Urrutiak jarraituko du Akademiaren buru, eta bere ondoan izango ditu Jean-Baptiste Coyos (buruordea), Adolfo Arejita (idazkaria), Roberto González de Viñaspre (diruzaina), Miriam Urkia (IKER sailburua), eta Sagrario Aleman (Jagon sailburua) euskaltzain osoak. Honela, Zuzendaritza berriak euskararen lurralde guztiak hartzen ditu.

Hortaz, Zuzendaritzan lehendik aritu ez diren bi kide berri izango dira -Miriam Urkia eta Roberto González de Viñaspre- eta beste bi kidek utziko dute Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen, Xarles Videgainek eta Xabier Kintanak.

Roberto González de Viñaspre Bilbon jaio zen, 1961ean. Bilbotarra jaiotzez, Araban -Trebiñun- bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean.

Miriam Urkia Gonzalez Donostian jaio zen, 1965ean. Euskal Filologiako doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologiako lizen-tziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak.