Azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4ra arte,"milaka herritarrek" parte hartu ahal izango dute ahobizi izanik (ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo dietenak), edota belarriprest gisa (beti euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak) Euskaraldiaren bigarren edizioan. Oraingoan, gainera, 421 udalerrik eta 6.700 erakundek baino gehiagok hartuko dute parte, eta 25.091 arigune antolatuko dira, euskaraz hitz egiteko sortutako guneak, 8.200 egoi-tzatan. Helburua jakina da: "parte-har-tzaileen hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera susta-tzea".

Baionako udaletxean egindako agerraldian eman zituzten datu horiek, eta bertan izan ziren Jean-René Etchegaray Baionako alkatea eta Euskal Elkargoko presidentea, Antton Curutcharry Euskal Elkargoko lehendakariordea eta Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Amets Lahetlujan Euskal Konfederazioko ordezkaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den hedapena eta ezarpena azpimarratu zuten eta, zehazki, arigune-en sorrerak -aurtengo edizioan berrikuntza izan denak- Euskaraldiari "aukera berriak" ireki dizkiola eta euskarak "Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa" izatea ahalbidetuko duela adierazi zuten.

Euskaraldiaren antolatzaileek ekimenaren lurralde osoko datu ba-tzuk ere aurreratu zituzten, eta aurten 2018ko lehen edizioko udalerrien kopurua gainditu egingo dela azpimarratu zuten, guztira 421 udalerritan eratu baitira batzordeak. Edizio honetako berrikuntza nagusi diren ariguneen kasuan, 6.737 erakunde parte-hartzaileek horrelako 25.091 gune sortzeko prozesua hasi dute, lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan. % 52 barnekoak izango da, eta % 48 kanpokoak. Erakunde horien artean, saltoki txikiak, elkarteak, hezkuntza-eragileak, zerbitzu-enpresak eta erakunde publikoak dira "kopuruz ugarienak"; baina enpresa txikiak, gizarte-eragileak eta sindikatuak ere badaude, besteak beste.

"Aurten, banakako ahaleginaz gain, ariguneei esker, gizartearen ekimen hau segurtasun handiagoz egiteko gune babestuak sortuko ditugu", azaldu zuen Miren Dobaran sailburuordeak; "ilusioa piztu behar dugu bizi dugun egoera latz honetan; izan ere, gaixotasuna gorabehera, hizkuntza egunero erabili behar baitugu eta Euskaraldiak esperientzia positiboak eta motibazioa ekarriko dituelako".

Bai udalerrien bai arigune-en partaidetza-zifrak "oso baikor" baloratu zituen antolakuntzak, kontuan izanik batzordeak martxan jartzeko eta erakundeekin lan egiteko COVID-19ak ekarri dituen zailtasunak. "Euskararentzako espazioak irabazteko borondatea badagoela ikusi da, eta herritar eta eragile asko daude aurrerapausoak emateko prest", nabarmendu zuten.

Antolatzaileek Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute, eta dagoeneko izena eman dutenei euren ingurukoak ere bat egitera animatzeko eskatu diete. Izen-ematea euskaraldia.eus webgunearen bidez egin daiteke, Euskaraldiaren tokiko batzordeek antolatuko dituzten informazio gune eta mahaietan, baita eskuragarri dagoen telefono bidezko aplikazioan ere.

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen hitzetan, "Euskaraldian parte hartzea pandemiari aurre egin nahi diogula erakusteko modua da, gure komunitatea indartu nahi dugula eta Euskal Herria gero eta euskaldunagoa izan nahi dugula aldarrika-tzeko modua".

Amaitzeko, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkariak "euskara erabiltzeko" animoak eman nahi izan zituen, "hori baita bere etorkizuna ziurtatzeko modu bakarra". "Herritarrek, ikasi ondoren erabili egin behar dute, transmisioa eta erabilera banaezinak baitira", gaineratu zuen.