DONOSTIA - Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan, adinekoen egoitzetan egiten ari diren PCR probek lau positibo berri atzeman dituzte Donostiako Alai-Etxe zentroan, eta zentro bereko beste lau lagunek alta epidemiologikoa jaso dute.

Egun, zortzi dira COVID-19 kasu aktiboak dituzten adinekoen egoitzak: Hernaniko Santa Maria Magdalena (3), Bergarako Mizpirualde (6), Donostiako Alai-Etxe (29), La Paz (1), Berra (8), Lamourous (7) eta Hemano Garate-San Ignacio (1), eta Zumarragako Argixao (8). Beraz, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 63 COVID-19 kasu positibo daude, 74 lagunek gaixotasuna gainditu dute dagoeneko, eta 33 hil dira abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik.

Sei dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 51 Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan ari dira artatuak izaten, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.

Gipuzkoako egoitza-sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu adinekoei arreta emateko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko zentro guztietan egiten jarraitzen duen prebentzio-lanean, azken astean soilik, 5.000 PCR proba inguru egin ditu DYArekin lankidetzan (2.219 egoiliarrei eta 2.256 langileei). Uztailaz geroztik, Aldundiak eta DYAk guztira 28.346 proba egin dituzte.