- Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aburuz, euskaraz aritzeko aukerak ematea da erabileran aurrera egiteko gakoetako bat, asialdia, kirolean edo eremu digitalean izan. "Denon erantzukizuna da, baina guk lideratu behar dugu biziberritze prozesua", onartzen du Dobaranek, jarrera positiboaz, emandako aurrerapauso guztiak nabarmentzen dituen bitartean. Euskararen sustapenean gizartearen babesa duten ziurtasunaz, Eusko Jaurlaritzatik lanean jarraitzen dute C1 mailara arteko doakotasuna bermatzeko eta enpresetan erabilera planak susta-tzeko. Beste hainbat arlotan aurrera egiteko, berriz, euskalgintzaren eremuan lan egiten duen sektore potentearekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela aitortzen du. Euskaraldia, esaterako, horren erakusle da.

Aurtengo Euskaraldian enpresa eta elkarteen aliantza bilatuko da ariguneekin. Beharrezkoak dira?

—Bai, guretzat lan mundua estrategikoa da. Bigarren edizioan norbanakoek ez ezik taldean ere ariketa sozial berdina egitea nahi dugu, eremu sozioekonomikoan, baina baita aisialdian, kirolean... Babes handiagoa lor-tzeko eta beste arnasgune batzuk ere sortzeko. Ez denez enpresa osoan egin behar, apurka beldurrak kendu eta martxan dituzten erabilera planetan beste pauso bat emateko modua da.

Aurreko edizioko lan guztia finka-tzeko aukera era bada.

—Alde kualitatibotik ere beste pauso bat emateko aukera dago. Lehenengoan rolak ez ziren oso ondo ulertu, euskararen gaitasunarekin lotu ziren eta ez dauka zerikusirik, egin nahi den ahaleginarekin baizik. Ea gai garen egokitu zaigun egoera latz honetara moldatzeko, zeinetan beste kezka ba-tzuk dauden, eta ilusio kolektiboa sor dezakegun hamabost egunetan euskararen inguruan hausnartzeko.

Posiblea da hizkuntza ohiturak aldatzea bi astetan?

—Adituek esaten dute denbora gehiago behar dela. Guk apurka egin nahi ditugu gauzak. Belarriprest zein ahobizi izateko konpromisoa hartzea ez da gauza erraza. Ez da txapa jarri eta zuzenean egin daitekeen ariketa, deserosotasunik gabe. Hamaika egun izan ziren lehen edizioan, ikusita zelako arrakasta izan zuen, orain hamabost egunera goaz. Aurrerapauso bat, momentu honetan, ondo egitea izango litzateke. Eta taldean eroso senti-tzea egin den ariketarekin. Ez izatea karga bat.

Azken legegintzaldian Eusko Jaurlaritzak euskararen ikasketen doakotasunaren aldeko pauso garran-tzitsu bat eman zuen. Bultzada bat izan dela nabaritu al duzue?

—Azken urteetan datuek gora egin dute, 35.000 ikasle baino gehiago izan ditugu iaz euskaltegietan. Orain matrikulazioa zabalik dago, eta ez dugu daturik. Baina ahalegin handia dago egiteko, kontutan izanda gizartearen herena bakarrik dela elebiduna. Oraindik heldu asko daude euskara ikasteko gogoekin. Oso argi dugu ahalegina egiten duena -euskaltegietan izena ematen duen helduen profila 38 urteko emakumea da, lanean ari dena eta umeak dituena- saritu egin behar dela.

Eta zein da hurrengo pausoa zen-tzu horretan?

—Legegintzaldi honetan C1erako bidea egin eta 30 urtera arteko gazteei ere doakotasuna bermatu nahi diegu. Izan ere, batzuek ez dute gero euskaraz ikasteko aukerarik. Oraindik badaukagu non hobetu eta ezin dugu dena eskolaren esku utzi. Askotan esaten da Euskaltegietara doan jendeak hizkuntza eskakizunak izaten dituela, baina ez doaz bakarrik horregatik. Askok ume txikiak ere badituzte, beste batzuk biziberritze prozesuaren parte aktiboa izan nahi dute. Hori oso garrantzitsua da eta Jaurlaritzaren laguntza bat merezi du.

Eskola Kontseiluak D ereduak euskararen ezagutza ziurtatzen ez duela esan du berriki. Kezkagarria da, ezta?

—Eskumen hori Hezkuntza Sailak du eta horretan dabiltza lanean. Hizkun-tzei dagokienez, gure erronka oso handia da. Gure hezkuntza sistemak lortu behar du ikasle konpetente bat ateratzea, bizitzako arazoei aurre egiteko eta ingurune eleaniztun baten moldatzeko gai izango dena. Hiru hizkuntzatan funtzionatu beharra dauka, eta horretan daukagun gauzarik inportanteena esperientzia da.

Eta esperientzia hori nola aplikatu behar da?

—Ziurrenik joango gara eredu batera non kontuan hartuko den eskola zein eremu soziolinguistikoan dagoen eta ikasle horiek duten euskararen ezagutza. Horren arabera, hizkuntza proiektu baten bitartez, ezarri beharko da zelan kudeatuko diren eskola horretan hiru hizkun-tzak. Ez da berdina Gernika edo Barakaldo baten. Hezkuntza Saila horretan dabil: ea zelan egokitu gure sistema eta zelan lortu hizkuntza ofizial bietan, DBH bukatzen dutenean, B1 edo B2 izatea, gaitasun maila nahikoa, eta atzerriko hizkuntzan ere, baxuagoa, baina edukitzea.

Azken finean irizpide orokor batetik planteatutako eredu linguistikoak baino beste irizpide batzuk kontuan hartzeaz ari zara.

—Hori da, eremu sozioliguistikoak gehiago izatea kontuan, baina ikasleen ezagurriak ere. Horrek aldaketa handiak dakartza. Irakasle guztiak kontziente izan beharko dira, eta hor formakuntza bat behar da, hizkun-tza irakasleak izango direla. Hizkun-tza proiektu bereziak beharko dira tokian tokian, oso ezberdinak garelako. Metodologietan ere, aldaketa handiak egin dira: komunikazio metodologiak erabiltzen dira gehiago orain, ez hainbeste gramatikan oinarrituta, orain arte bezala.

Nola da posible D ereduan ikasi duen ikasle batek euskaraz molda-tzeko zailtasunak izatea?

—Pentsatu behar dugu gure ikasleen erdia baino gehiago hiztun berriak direla. Ikasle gehienak hiri edo herri handietan bizi dira, non ez daukate aukera handirik euskaraz egiteko. Gehienentzat hizkuntza akademikoa da, eskolan ikasi dutelako. Ez daukate esperientziarik hizkuntza horrekin beste eremu batzuetan, non disfrutatu dezaketen. Zer egin behar dugu? Hori Hizkuntza Politikari dagokigu: esparru informaletan aukerak eman euskaraz aritzeko. Aisialdian, eskolaz kanpoko jardueretan, ingurune digitalean€ Ekosistema horretan gai izan behar gara umeei aukerak emateko.

Ingurune digitala aipatzen duzula, zein da euskararen egoera hor?

—Ingurune digitalean oso potenteak diren bi hizkuntzekin elkarbizi behar dugu: gaztelera eta ingelesa. Gure gazteak eleaniztunak direnez, kontsumi-tzeko orduan beraien gustoko gauza bat ikusten baldin badute Youtuben ingelesez, halaxe kontsumituko dute. Eta euskaraz badago, euskaraz. Gai izan behar gara ingurune digitala ere euskararekin elikatzeko euskararen aldeko hautua egin dezaten. Ez dira militanteak, normala da.

EAEko herri langileen artean aurrerapenak eman dira euskararen ezagutzan. Egun herritar batek bermatuta al dauka euskaraz artatuta izateko eskubidea?

—Aurrerapauso ikaragarriak eman dira. Azkenengo ikerketaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren %70ak, gutxienez, badauka euskararen ezagutzaren bat. Erabilera planekin bermatuko dugu %100ean zerbitzu hizkun-tza euskara izatea. Oso argi daukagu herritarrak eskubidea duela hizkun-tza ofizialetako baten zein bestean artatua izateko. Gurea da eskubide hori beterarazteko ardura.

Belaunaldi erreleboa hautematen hasi al da?

—Orain aukera paregabea daukagu, ezagutzaren aldetik datuak onak badira ere, jende asko daukagu erretiroa hartzeko hurrengo hamar urteotan. Egingo den ordezkapenean gazteagoak etorriko dira, euskaldunak dira eta ez dakite lan egiten ez gazteleraz ez euskaraz. Guk euskaraz jarri behar ditugu lanean. Herritarren eskubideak bermatzeko kapaz izan behar dugu eta euskara ere lan hizkuntza izan behar da.

Hainbeste aurreratu da euskarari dagokionez non zenbaitetan ematen du dena dagoela eginda. Kaltegarria da ziurtzat ematea?

—Egia da orokortu egin dela sinesmen hori. Gurasoen aldetik uste da umeak D ereduan heztearekin dena dagoela eginda. Horregatik ari dira ingelesean pentsatzen. Ez gara konturatzen normalizazio bidean dagoen hizkuntza gutxitu bat garela, bi hizkuntza erraldoiren artean bizi dena: gaztelera eta ingelesa, zeren ingelesez kontsumi-tzen dute gure gazteek aisia. Alerta horretan egon behar gara.

Erakunde publikoen babesa ez da nahikoa euskara sostengatzeko?

—Erakunde batek ezin dezake dekretuz agindu euskaraz egin behar dela eremu batzuetan; erakundeetan bertan, bere langileei, bai. Baina herritarrek konpromiso hori berretsi egin behar dute. Horregatik, Euskaraldia bezalako ariketa sozialak garrantzi-tsuak dira. Ez da guk esateko eran-tzukizuna herritarrena dela, da gogorarazteko esparru batzutan norbere hautua dela. Bestela arriskua euskara eremu akademiko formaletan geratzea da. Disfrutatzen dugun eremuetan ez bagara gai gure hizkuntza propioa erabiltzeko galera ikaragarri handia da.

Eta zein da erakundeen papera?

—Denon erantzukizuna da baina guk lideratu behar dugu biziberritze prozesua. Aztertzen bada zenbat urte daramatzagun horrekin ez da ezer hizkuntza baterako, kontuan hartuta zelan hartu genuen euskara. Irakurketa pesimistak ikusten ditudanean askotan esaten dut perspektiba batekin ikusi behar dugula. Normala da oraindik eremu asko faltatzea, baina egundoko aldaketa egin da. Bai ezagutzan eta bai erabileran. Sekula ez genuen pentsatzen unibertsitatean %50ak baino gehiagok euskararen aldeko hautua egingo zuenik. Horrek zer esan nahi du? Bihar edo etzi hortik ateratako profesional guztiak euskaldunak izango direla. Ez dezagun esan dena txarra izan denik. Eredugarria izan da eta ez diot nik bakarrik, baizik eta guri begira dauden beste hizkuntza txikiek ere.

Euskararen zein indargune nabarmenduko zenuke?

—Hizkuntza politika eraginkorrez gain euskalgintzaren oso sektore indartsua daukagu. Eta hori ez daukate beste hizkuntza batzuek. Horregatik diot elkarlana ezinbestekoa dela. Euskaraldia bezalako ekimen bat ezin dezake gobernu batek edo elkarte batek jarri martxan. Indar metaketak ekarri du gizartearen parte handi bat motibatzea eta pauso hori ematea. Esaterako, ingurune digitalean dirua jarri dezakegu, baina hor dabiltzan gizarte eragileak oso potenteak dira eta horiei esker oso ondo kokatuta daude. Indarguneak ere azpimarratu behar dira, ez bakarrik ahulguneak.

Erronka nagusia erabilera dela aipatzen da duela urte asko, baina formula berriak behar dira.

—Formula berriak edo eremu berriak irabaztea. Momentu honetan gure-tzako eremu sozioekonomikoa ezinbestekoa da. 30 urtetik beherako ia gazte guztiak euskaldunak dira eta ez da asko falta %90era heltzeko. Ez baditugu enpresak prestatzen era natural batean horiek sartzen direnean euskaraz lan egin ahal izateko ez dute sekula euskaraz lan egingo. Enpresetan erabilera plan garrantzi-tsu bat abiarazi behar da. Erabilera planez gain lagunduko duten ekimenak ere bultzatu behar dira. Esaterako, Euskaraldia. Askotan horrek ere laguntzen du era kolektiboan egin beharreko aldaketa horiek egiten.

2008ko krisia gogorra izan zen euskararen normalizazioan alor horretako aurrekontua jaistea suposatu zuelako. Berdin gertatutako al da oraingo honetan?

—Zenbakien inguruan ez daukagu inolako pistarik, baina ez dut uste euskararen arloan jaitsiera esanguratsurik egongo denik. Esperantza daukat gure programa nagusienak laguntzen jarraitzeko diru nahikoa izango dugula. Jaurlaritzarentzat euskararen normalizazioa estrategikoa da. Beste eremu batzuk irabazteko diru baliabideak behar dira, giza baliabideak, legerian ere eragin egin behar da. Gauza on bat daukagu: euskararen biziberritze prozesuan gizartea atzetik dago, inkesta soziolinguistiko guztiek hala diote. Giza baliabideekin eta legeriaren aldetik behar diren dekretu legeak egiten baldin badira, gizartea atzean izanik, aurrera egingo dugu.

"Legegintzaldi honetan C1erako bidea egin eta 30 urtera arteko gazteei ere doakotasuna bermatu nahi diegu"

"Hezkuntzan hizkuntza proiektu bereziak beharko dira tokian tokian, oso ezberdinak garelako"

"Azkenengo ikerketaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren %70ak, gutxienez, badauka euskararen ezagutzaren bat"

"Esperantza daukat gure programa nagusienak laguntzen jarraitzeko diru nahikoa izango dugula"

"Erakunde batek ezin dezake dekretuz agindu euskaraz egin behar dela eremu batzuetan; erakundeetan bertan, bere langileei, bai"

"Aztertzen bada zenbat urte daramatzagun biziberritze prozesuarekin ez da ezer, kontuan hartuta zelan hartu genuen euskara"